Ellande Jauregi Etxezuri

«Nahiz eta biztanle anitz izan, herri izpiritu bat atzematen da Senperen»

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 5a, 09:00

Ellande Jauregi Etxezuri

25 urteko gazte senpertarra da Ellande Jauregi Etxezuri. Besta komiteko lehendakaria da eta ongi daki bestaz gozatu ahal izateko aitzinetik lan egin behar izaten dela: «jendea kontaktatu, logistika... besta komiteko lehendakariaren egitekoak izaten dira». Zeregin horietan ez dago bakarrik, ordea, «baditugu talde batzuk komitean eta bakoitzak badu misio bat.  Lan anitz izaten dugu, baina ongi daramagu eta motibatuak gaude beti besta egiteko». 

Senpereko bestak ospatu dituzte ekainaren 26tik 30era eta aipatu du «egun aski bereziak» izaten direla herritarrentzat. Zintzur bustitzea, zikiroa, desfilea, dantzariak, musika... bazen gozatzeko nahikoa aukera. Bestazalea izanik, batzuk finitu orduko hurrengo hitzordua ere burutan du: «uztailaren 4an hasiko diren Amotzeko bestetara joateko asmoa ere badugu». 

Dantzaria

Bestetan dantza saio bat edo bertze egiteko tartea hartzen du eta ez da galdurik ibiltzen: «hemezortzi urte bete arte Senpereko Zirikolatz taldean egin nuen dantza». Ongi ikasia ez dela ahanzten diote eta are gehiago, Ellanderen gisan, odolean daramanean dantzarako afizioa: «euskal dantzetarako zaletasuna nire amaren aldetik heldu zait, bera ere dantzan aritzen zen eta bere pausoei segika hasi nintzen ni ere ikasten».

«Pilotako hiru modalitatetan aritzen naiz jostatzen»
Pilotan ttikitatik

Ez da familiatik heldu zaion afizio bakarra: «pilotan aritu naiz sei urte nituenetik. Ene anaia aritzen zen eta bera segitzeko ni ere hasi nintzen». Probatu, gustuko izan eta hiru modalitatetan jostatzen du orain: «esku-huska sei urte nituenetik ari naiz eta duela sei bat urte hasi nintzen errebotean sakatzen eta bota luzean ere bai». Senpereko taldean «gustura» ari dela dio eta hainbat txapelketetan parte hartuz gozatzen duela. Hain justu, taldean aritzeko aukera hori nabarmendu nahi izan du: «errebotean eta bota luzean bost aritzen gara kantxa gainean eta berezia da hori». Gainera, Euskal Herri osoko taldeak aritzen dira elkarrekin lehian: «txapelketan iparraldeko eta hegoaldeko ekipen kontra aritzen gara». 

Mugak alde batera utzi eta bateko zein besteko jokalarien uztarketa hori «interesgarria» dela iruditzen zaio, «ezagutza berriak egiten ditugu eta hori izugarri gustuko dut». Partidan eta partidaren ondotik, bietan gozatzen duela dio: «kirolean ari gara eta partida eta gero, momentu aski gozoa pasatzen dugu denok elkarrekin». Euskaldun gisa ere aukera berezia ematen dio kirolak: «mintzatzen ahal gara euskaraz pilotan ari garenean eta hori biziki gustuko dut». 

Aisialdirako tartea

Senperen eta inguruan aisialdirako nahikoa aukera badela dio: «bada kirol elkarte lodi bat, non kirol desberdin anitz egiten ahal diren». Udan Senpereko lakuak ere hainbat aukera eskaintzen ditu: «toki ederra da, bertako zein bisitarientzat». Astebururako proposamen bat egiteko ere eskatu diogu eta egun osoko plana egin du: «lehenik kirol pixka bat egitea Kinkan ala Ibarrunen eta ondotik, lagunekin biltzea eta elkarrekin tragoak edan, pintxoak jan… hori egun ona izaten ahalko litzateke».

«Nire asmoa litzateke Senperen bizitzea»

Herri giroa

Maite du bere herria eta argi du: «nire asmoa litzateke Senperen bizitzea». Senpere, herria bera, ederra dela dio, baina berak guztiaren gainetik herri giroa nabarmendu nahi izan du: «nahiz eta biztanle anitz izan, herri izpiritu bat atzematen da, batez ere, herriaren erdigunean». Hala dio: «maite dut Senperek duen herri arima hori. Larunbatetan ari zarelarik kafe baten hartzen ostatu batean, batekin zein bestearekin solasean aritzeko aukera izatea». Karrikako giroa ere biziki gustuko du,  «bizirik den merkatu izpiritua». 

Haratago joan eta etorkizunarekin amets egiten duenean zer datorkion burura ere aitortu du: «nire ametsa litzateke familia eder bat sortzea, haurrak euskal giroan eta alaitasunean hezi ahal izatea, etxe batean bizitzea...». Nahi baino zailagoa da, ordea: «kezka eragiten dit etxebizitzaren gaiak. Prezio mailan zaila da eta herrian bertan bizi nahi dugun arren,  ez da erraza jakitea horretarako aukerarik izanen ote dugun». Ametsekin batera, eguneko arrangurak ere joaten zaizkio bisitan lo hartu aurreko orenetan. Eta batzuetan loa kendu arren, «hobe begiak goxo itxi eta ametsei eustea». Ametsen gainean, eraikitzen delako gehienetan etorkizuna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun