Senpereko Harotzarene anaiek Iparraldeko esku huskako finala jokatuko dute uztailaren 6an Baigorrin

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 4a, 09:00

Abarratia taldeko Teo Etxeberri eta Mikel Hargindegi eta Senpereko SPU taldeko Julien eta Ximun Harotzarene anaiek jokatuko dute 19 urtez beheitiko finala Baigorriko plazan.

19 urtez beheitiko mailan Abarratiako Etxeberri eta Hargindegi izanen dituzte aurkari eta lehen mailako finala ere jokatuko da igande arratsaldean.

Bi partida hauek Kanaldude bidez zuzenean emanak izanen dira uztailaren 6an, igandez, 16:00etan eta 17:00etan Baigorriko plazatik.

Iparraldeko esku huskako pilota txapelketetako finalerdiak jokatu zituzten ekainaren 21-22ko asteburuan eta igande honetan, uztailak 6, igandean 16:00etan hasita jokatuko dituzte finalak Baigorriko plazan. Lehen mailan, Donibane Garaziko Goizeko Izarra taldeko Unai Iribarrenek eta Iñaki Etxegoienek Irisarriko Irisartarrak taldeko Julien Etxegarai eta Julien Arbeletxe izanen dituzte aurkari eta 19 urtez beheitiko mailan, Senpereko Spuc taldeko Julien eta Ximun Harotzarene anaiek, Aierra, Isturitze eta Donoztiriko pilotariak biltzen dituen Abarratia taldeko Teo Etxeberri eta Mikel Hargindegi izanen dituzte aurkari.

Joko garbiko finalean, berriz, Baigorriko Iban eta Teo Riouspeyrous anaiak eta Bixente Izocok Kapito Harriko Beñat eta Frantxoa Pelletrat eta Ximun Destaillac izanen dituzte aurkari uztailaren 5ean, larunbatez, 10:00etatik 17:00etara Hazparnen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun