Zugarramurdiko Sorginen Museoa barne, hamabortz zentro daude orain Nafarroako Museo eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan.
Museo eta Bilduma Iraunkorren Erregistroko hamaborzgarren zentroa izanen da. Duela guti, Ignacio Apeztegia Vianako Printzea Kultura-Erakundeko zuzendari nagusiak eta Susana Irigarai Museo Zerbitzuko zuzendariak Zugarramurdiko Sorginen Museoa bisitatu zuten, Argitxu Agerre ZUgarramurdiko alkatearekin eta Ainhoa Agirre Sorginen Museoko eta Lezeko zuzendari-gerentearekin batera.
Apeztegiak Sorginen Museoa Bilduma Museografiko Iraunkor gisa aitortzeko Zugarramurdiko Udalak 2024an egindako eskaeraren aldeko ebazpena emateko Museoen Zerbitzuak eskatzen dituen urratsen berri eman zien instalazioko arduradunei. Era berean, eskaera horrek Museoen Zerbitzuak 2019tik Nafarroako sektoreari buruz egiten ari den diagnosi eta hausnarketa prozesua bukatzeko ematen duen aukera partekatu zuen Zugarramurdiko agintariekin. Museoen Nazioarteko Kontseiluak (ICOM) museoaren definizio berria egin du, eta definizio berri horren arabera, museoek azken urteotan lurralde garapenean, kultur ondare immaterialean eta kultur ondarearen iraunkortasunean duten inpaktua eta komunitateen garrantzia azpimarratzen da. Inguruabar horiek kontuan hartuko dituzte administrazio publikoek erabakitzeko elementu gisa.
Labur erranda, arauak museografia bilduma iraunkor bat honela definitzen du: funts edo egitura gutti izateagatik museoen helburuak bete ezin dituzten irabazi asmorik gabe kontserbatutako kultura ondasunen multzoa, baina bisita publikoa ordutegi erregularrekin eta piezen kontserbazioa baldintza onekin bermatzen duena.
Erregistroan sartzeak babes maila handiagoa dakarkie museo eta bildumei; izan ere, legeak ezartzen duenaren arabera, lehentasuna dute erakusketen zirkuituetan sartzeko, kultura edo hezkuntza ibilbideetarako, langileentzako prestakuntza espezializaturako, departamentuak kontserbaziorako ematen duen laguntza teknikorako edo eman daitezkeen dirulaguntzak eskuratzeko.
Bertze betebehar batzuk ere badakartza, erraterako jendearendako aldizka irekitzea, kasu honetan astean gutienez 10 orduz, Nafarroako bertze museo eta bilduma batzuekin informazioa trukatzen laguntzea edo Kultura Departamentuari jasotako bertze eskubide ekonomiko batzuen berri ematea.
Orain arte, 14 zentrok osatzen dute Nafarroako Museo eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroa, eta azken ezarpena Xabierko Gazteluaren Museoarena izan da, 2021ean.
Ospitale zaharra
Sorginen Etxea-Zugarramurdiko Sorginen Museoa 2007an inauguratu zenetik dago XVIII. mendean ospitale izan zen eraikinean, leze ospetsutik gertu.
Bere hiru solairuetan sorginkeriarekin lotutako gaiak jorratzen ditu, Logroñoko prozesu inkisitorialean zentratuz, Zugarramurdiko eta Urdazubiko hainbat pertsona akusatu zituen 1610eko fede autoarekin akitu zena. Gainera, inguruko bizimoduak, sinesmenak eta mitologiak aztertzen ditu, historia modernoko sorgin ehiza prozesu paradigmatikoenetako bat zein testuingurutan piztu zen azaltzeko.
Azken urteotan, zentroa zabaldu egin da, teilatupeko solairuan erabilera anitzeko espazio bat eransteko. Gaur egun, Agurtzane Anduetza artista lokalaren instalazio bat dago bertan, eta, laster, sorginkeria eta inkisizio gaietan munduko aditu handienetako bat den Gustav Henningsen ikertzaile daniarrak zentroari utzitako dokumentu funtsaren erakusketarekin osatuko da.