Uztaritze, Urdazubi eta Zugarramurdiko eskolen arteko topaketa egin dute lehen aldiz

Ttipi-Ttapa 2025eko ekainaren 19a

Ekainaren 16an, astelehen goizean, bildu ziren ehun ikasle baino gehiago Zugarramurdiko Azketa pilotalekuan elkarrekin jostetan aritzera.

Iragan astelehenean, ekainaren 16an, Urdazubi-Zugarramurdi eta Uztaritzeko eskolen arteko eguna ospatu zuten lehen aldiz. Zugarramurdiko Azketa frontoian eta goiz ederra pasatu zuten.

Uztaritzeko 55 ikaslerekin eta Urdazubi-Zugarramurdiko 36rekin (DBHkoak ez ziren sartzen), sei talde osatu zituzten, adinak eta herriak nahasita, sei txokotan jostatzen aritzeko: Txapak, Bat, bi, hiru…, Koxkor biltzea, Zaku lasterketa, Arrautza-goilara, Txingak… Urdazubi-Zugarramurdiko DBHko ikasleak, berriz, jokoak gidatzeaz, taldeei harrera egiteaz, materiala prestatzeaz eta jokoak azaltzeaz arduratu ziren.

Aipatu bezala, goiz pasa ederra egin zuten eta Uztaritzeko ikasleak bazkaltzera joan ziren, eta Urdazubi eta Zugarramurdikoak, bakoitza bere eskolara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun