Giro txarra eta aitzineko asteburuan izandako erasoa eta «jarrera onartezinak» salatzeko elkarretaratzea egin zuten ekainaren 13an, ortzirale arratsean, Sarako plazan, 200 bat lagun bildu ziren, Bestak eta herria babestu, indarkeria eta irainak kanpora! zioen pankartaren gibelean.
Plazan aipatu zutenaren arabera, «ez da lehen aldia, besta inguruan agertzen dira horrelako jarrera desegokiak, borrokak, laido gogorrak, probokazioak, gaizki mintzatzeak, arbolak mozteak… orokorki, Saran, maiz, besta delarik, edozein gauza gertatzen ahal da, errespetu guti erakusten dutenak». Gazte bakan batzuen portaera bada ere, joan den urte hondarrean Sarako Herriko Etxeak etxez etxe banatu zuen gutuna ere sustengatu zuten.