Mendekoste Egunaren hamabigarren edizioa ospatuko dute igandean Dantxarinean

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 6a, 12:00

Larretxea anaien eskutik herri kirolak ere izanen dituzte astelehenean Dantxarineko Mendekoste egunean.

1.500 euroko erosketa bonuaren zozketa egiteaz gain, hainbat ekitaldi prestatu dituzte, tartean, 1955ean Orson Wellesek Mendekoste egunari buruz filmatu zuen erreportajearen proiekzioa

Igande honetan, ekainak 8, Mendekoste egunaren hamabigarren edizioa ospatuko dute Dantxarinean, Dantxarineko Merkatarien Elkarteak antolatuta. Mendekoste eguna 1940. hamarkadakoa da, Bigarren Mundu Gerra pasatu ondotik, mugak zenbait urtez itxita gelditu zirenean. Muga soilik Mendekoste astelehenean irekitzen ziren eta egun horretan Dantxarinean, mugako bi aldeetako familiak biltzeko aukera zuten.

Besta egun handia zen, salmenta-tokiak haien produktuak karrikara ateratzen zituzten eta musika, dantzak eta pilota partidak izaten ziren. Mugako bi aldeetatik jendez betetako autobusak etortzen ziren, egun batez haien familiekin eta lagunekin elkartzeko asmoz. Urteen poderioz, eta mugak irekiak zeudela, besta hau ospatzeari utzi zioten duela 40 bat urte.

Orain, Dantxarineko merkatarien elkarteak besta hau berreskuratu du eta dagoeneko hamabigarren edizioa ospatuko du aurten.

1.500 euroren zozketa

Gainera, egun honetan, Udaberriko zozketa ikaragarriko irabazleari 1.500 euroko txekea ematen zaio. Irabazlea auto batean salmenta toki guztietan barna ibiliko da eta salmenta toki bakoitzean taloi bat hartuko du 1.500 euroraino ailegatu arte, Dantxarineko salmenta tokietan kontsumitzeko datozen hiru hilabeteetan.

Egitaraua

  • 10:30ean, 1.500 euroko txekearen irabazlearen ibilbidearen hasiera Bentetatik.
  • 11:00etan Euskal dantzak.
  • 11:00etan puzgarriak eta musika.
  • 11:00etan Txu Txu Trena Zaporeak dendako aparkalekutik aterako da eta Dantxarineko bentak zeharkatuko ditu.
  • Sagardo Txotx eta Gourmet Erresumako produktuen dastaketa.
  • 12:00etan  Larretxea anaien eskutik Herri Kirolen erakusketa
  • 12:30ean, 1.500 euroko txekea ematea zozketaren irabazleari.
  • 14:00etan Festaren amaiera.

Egun osoan, Orson Wellesek 1955ean BBC telebistarako Arround the World programarako filmatu zuen Mendekoste bestaren erreportajea proiektatuko da. Besta nola egiten zuten erakusten duten duela 70 urteko irudiak, beraz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun