Gazte Xilabaren finalean kantatuko du Unax Aizpurua bertsolari saratarrak larunbatean

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 5a, 17:00

Unax Aizpurua kantari Xilabako kanporaketan.

Larunbatean, hilaren 7an, eginen dute Itsasun Gazte Xilabaren finala. Sei bertsolari ariko dira kantuan, horien artean Unax Aizpurua bertsolari saratarra. Euskal Herriko Eskolarteko finalerako txartela ere izanen dute jokoan larunbatean.

Sei bertsolari ariko dira kantuan larunbatean Itsasuko Sanoki gelan eginen duten finalean: Amaiur Aizpuru Eskisabel, Goizane Etxeberri Lopepe, Nahia Etxeberri Lopepe, Unax Aizpurua Ibargari saratarra, Leina Alhat Larrandaburu eta Gana Berhokoirigoin Zubeldia.

Larunbateko finalaren ondotik jakinen da zein bertsolari ariko diren Arantzan heldu den larunbatean, hilaren 14an, eginen den finalean. Oraingoz honakoak dira sailkatuak: Nafarroatik, Kattin Madariaga aranztarra eta Kattalin Mendia leitzarra, Gipuzkoatik Egiar Otegi eta Suhar Gesalaga; Arabatik Jokin Onaindia eta June Astegieta eta Bizkaitik Enara Gallastegi eta Ekhi Zuluaga.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun