Zugarramurdiko eskolako patioan auzolana eginen dute ekainaren 7an

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 3a, 09:00

Zugarramurdiko eskolako patioan aldaketa polita egiteko asmoa dute larunbateko auzolanean.

Larunbatean 10:00etan egin dute hitzordua eta eskolako familiez gain, herritar guziak gonbidatu dituzte.

Zugarramurdiko eskolako Guraso elkarteak antolaturik, auzolana eginen dute eskolako patioan. Familiez gain, lan egiteko gonbidapena herritar guziei zuzendua dago. Ekainaren 7an izanen da, eta hitzordua larunbat goizeko hamarretan emana da. 

Proiektuaren arabera, aldaketa polita izanen du patioak, hau eginen delako: pneumatikoekin egindako oreka bide bat eta loreontziak, kableen bobinekin egindako mahaiak, eta azkenik, pareta pintatu. Lan handia da, baina nahiko jende elkartuz, eta taldetxoetan antolatuz, den-dena egitea posible izanen dela espero du guraso elkarteak. Laguntzera etortzen direnei, palak, aitzurrak, brotxak eta arrabolak eramatea eskatu diete. 

Burdinezko seinale berriak eman dituzte eskolan

Elizondo Lanbide Heziketa Eskolako ikasleek eginik, burdinezko seinaleak eman dituzte Zugarramurdi eta Urdazubiko eskoletan. Urdazubi-Zugarramurdiko eskola letretan eta pottoka bat emana da. Gure eskolak ez du izen berezirik, baina aipatzekoa da Ixtilartea izena zuen etxean egin zela. Garai batean bi eskola ziren herrian (1960ko hamarkada bukaera arte edo): bata neskena zen, eta Indaburua izeneko etxean zegoen (gaur egun museoa dena); bertzea mutikoena zen, eta hau gaur egungo eskola berean zen.      

Burdinezko seinale berriak paratu dituzte Zugarramurdiko eskolan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun