Bestak 2025

Urdazubiko bestak giro ezin hobean ospatu dituzte

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 2a, 10:30

Herri haitadako bestondoan pasatzen ari zela ailegatu ziren Urdazubiko Salbatore bestak. Asteazkeneko ezkil jotzearekin batera hasi ziren bestak eta herri afariarekin gau giroan sartu ziren herritarrak.

Ortzegunean, egun handian, goizetik hasi zen mugimendua herrian eta arratsaldean haurrendako jokuekin eta bertso poteoarekin segitu zuen bestak. Urteroko hitzordua paella jatea  izan zuten herritarrek eta gaua ederki luzatu zuten batzuk. Ortziralean haurrendako Conquis Challenge lehiaketarekin segitu zuen haurrendako programazioak. Emakumeek ere haien urteroko bazkariaz gozatu zuten eta gauean kontzertuak izan zituzten.

Larunbatean usaiako zikiro jatearekin segitu zuten Urdazubiko bestek eta txaranga doinuak eta gero gaueko kontzertuak hasi ziren. Bestak akitzeko, igandean, herriko pilotari gazteek haien erakustaldia egin zuten, jada usaia bihurtu den gisara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun