Marrumaka jaialdia antolatu dute Saran urriaren 4an eta 5ean

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 26a, 10:00

Gorka Urbizu izanen da Saran urrian antolatu duten Marrumaka jaialdian. Argazkia: Wikimedia Commons

2025eko urriaren 4an eta 5ean Sarako Lezeek eta Usopopek Marrumaka jaialdia aurkeztuko dute, atzoko, gaurko eta biharko mitologiak ospatuko dituen ekitaldia, Biharko kondairak kanta ditzagun goiburupean. Bi egunez eta bi arratsez, antolatzaileek lezeetan iraganen den asteburua besta herrikoi moduan pentsatu dute. Musikak, dantzak, mintzaldiek eta hainbat hitzorduk osatuko dute egitaraua.

«Munduak uztartzen diren lekuan, elgarrekin biharko kondairak kanta ditzagun eta Behigorri Marrumaka has dadila!», diote antolatzaileek. Hain zuzen, Behigorri edo Ahatxe, lezea harpean, ba omen zen zezen gazte edo behi itxuran agertzen zen jeinua, hartako zaindaria zena. Haren marrumek izitzen eta ihes eginarazten zieten bertara sartu nahi zutenei.

USOPOP elkartearen musika programazioa

Asteburu berezi honen karietara, USOPOP elkarteak musika programazioaren gidaritza hartzen du eta ezinbertzeko egitaraua prestatu du! Sarako lezean maiatzaren 24an egin zuten aurkezpenean aipatu zutenez, urriaren 4ko eta 5eko bi gaualdietan Gorka Urbizu, Mabe Fratti, This is the kit, Ibil bedi, Los Sara Fontan, Ezezez, Penelope Trappes eta Kaskezur taldeek joko dute.

Maiatzaren 25ean ideki zen txarteldegia eta bi gauetako kontzertuendako bonuak eskainiko dira prezio apalean (44 euro), kopuru mugatuan (100 bonu). Iragarritako programazioa ikusita, iduriz fite joan daitezke. Usopopen programazioaren barrenean, Lumi taldea ere izanen da, baina ez da gauean izanen, beraz ez da bonu honetan sartzen. Emanaldi berezi bat izanen da lezearen barnean eta laster emanaldi horretarako sartzeak salgai emanen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun