Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?
Erranen nuke uros eta umore oneko gaztea naizela. Kirolaria eta lagunekin egotea maite duen pertsona.
Noiz eta zergatik hasi zinen errugbian?
Duela zazpi urte hasi nintzen, hemeretzi urterekin, Sarako lagunekin egoteko eta errugbia betidanik maite izan dudalako.
Kirol gogorra da?
Kirol gogorra izaten ahal da kolpe ainitz hartzen ditugulako, baina ongi prestatuta, ez da arazorik.
Zer moduz moldatzen zara errugbi zelaian?
Ezin dut erran handia eta azkarra naizenik, batzuk ezagutzen bainaute, zelai batean bizia eta zalua naizela erraten didate lagunek.
Sarako Izarra taldearekin txapelketetan parte hartu izan duzu, ezta?
Bi txapelketa ezagutu ditut Sarako taldearekin. Lehenik Euskal Ligan aritu ginen, non lau urte bikain pasa genituen Hegoaldeko taldeen aurka. Duela bi urte, berriz, Frantziako ligara itzuli ginen, auzoko herrien aurka, Azkaine eta Ziburu, aritzeko asmoarekin.
Departamenduko txapelketa irabazi duzue berriki Nord Bearnen kontra. Lehia gogorra izan da?
Bai, biziki gogorra! Irabazteko esperantza genuen baina biziki zaila izanen zela bagenekien, faboritoak baitziren multzoan lehen bukatuta. Azken ekintzan garaipena lortu genuen ostiko bati esker.
Zein da garaipenak ospatzeko modurik onena?
Nik uste sostengatzaile, jokalari eta elkartea biziarazten dutenen artean besta egitea manera on bat dela.
Zer eman dizu errugbiak?
Errugbiarekin lagunak egin ditut, bertzalde, esperientzia ederrak biziarazi dizkit.
Eta kendu?
Ez dit deus kendu, asteburu libre batzuk izan ezik.
Zein dira zure asmoak epe motzera?
Hasiko den Frantziako txapelketan ibilbide luzea egitea da nahia, sasoia ahal bezain ongi finitzeko.
Eta zein asmo dituzue epe luzera?
Sarako errugbi taldeak aitzinera segi dezan, herriko gazte gehiago taldean sartzea eta, zendako ez, maila gorago batean jokatuz!