Maiatza finitzearekin batera urdazubiarrek herriko bestak ospatuko dituzte. Urte guztiko antolakuntza eskatzen duten bestak izaki, maiatzean prestakuntza lanak ugaritzen dira. Honela, maiatzaren lehen asteburuan hainbat ekitaldi izanen dituzte Urdazubiko plazan.
Maiatzaren 3an, larunbat goizean, hainbat herritar bildu eta, urtero bezala, bestetako karpa muntatuko dute. Hurbiltzen diren langile guztiei Karreteron gosari eder bat emanen diete, indarrak berriz hartzeko.
Horretaz gain, duela urte batzuk martxan paratutako sistema erabiliko du berriz ere besten antolakuntzako komiteak. Maiatzaren 3an, larunbatean 17:00etatik 19:00etara herriko bestetako otorduen sarrerak salgai paratuko dituzte. Lan berdinarekin segituko dute igandean ere, 10:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Asteazkeneko herri afariak 20 euro balio du, ortzeguneko paella jateak 25 euro eta larunbateko zikiroak, aldiz, 35 euro.