Garikoitz Agirre Soto

«Nire konfort ingurutik ateratzeak hamaika gauza berri ekarri dizkit»

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 20a, 08:00

Zugarramurdiko 18 urteko gaztea da Garikoitz Agirre, «kuriosoa eta bere bizia atzematen ari dena». Kozinatzea, irakurtzea, natura… gustuko ditu, «baina gehien interesatzen nauena jendea da, ez hainbertze psikologiaren ikuspuntutik, baizik eta manera orokorragoan, jende xumea». Hori dela eta, Psikologia ikasten ari da Estrasburgon (Frantzia), «ea pertsona horiek hobe ulertzeko tresna berriak ematen dizkidan».

Ikasketak aukeratzerakoan «duda aunitz izan nituen. Hasieran fisika ikasi nahi nuen, gero psikologoarengana joaten hasi nintzen eta jakin-mina sortu zidan. Biak nahasi nahian, Fisika eta Psikologiako lizentzia bikoitz batera ailegatu nintzen, baina zailegia izanen zelakoan, Psikologia ikasten bukatu dut».

Baionan institutura joan ondotik, hainbat unibertsitatetan eman zuen izena. «Bartzelonan ikasi nahi nuen, baina Parcoursup-en bidez Parisen eta Estrasburgon ere izena eman nuen. Azkenean ez nintzen Bartzelonan sartu, eta fite hartu behar izan nuen erabakia». Estrasburgora joatea erabaki zuen, «aleman ikasteko aukera emanen zidalako. Oraindik ez dakit ongi, baina ikasten ari naiz».

Karrera «berezia bezain heterogeneoa» izaten ari da. «Alde batetik, taldean espezializatzearen sentsazioa berezia da, ez zara bakarra, ezta espezializatuena ere. Bertzetik, badaude egun onak, dena ongi ulertzearen sentsazioa dudanean, eta egun txarrak, neure buruari galdetzen diodala nork bidali izanen nauen psikologia ikastera».

Aldaketa handia

Unibertsitatera ailegatzean, «anfiteatro gelan bazen jendeak harritu ninduen gehien. Lehendabiziko urtean bakarrik 700 ikasle ginen, bitan banatuak, eta 300 bat agertzen ziren klaseetara. Zugarramurdiko biztanleria osoa baino gehiago! Neure burua hor ikustea, nire frantses makalarekin, harrigarria izan zen».

Horrek «guztiz aldatzen ditu harremanak jendearekin eta ikasketekin. Hasieran gogorra egin zitzaidan testuinguru berri eta hain indibidual horretan jendearekin harremantzea. Dena frantsesez izatea ere ez zen erraza izan. Bertzetik, unibertsitatean sartzeak suposatzen duen aldaketa kozkorra da».

Jendarteari dagokionez, «gehien harritu ninduena sinesmena izan zen. Nik ez nuen nehoiz judurik ikusi eta orain juduen karrikan bizi naiz. Larunbatetan ikusten ditut, haien argiontziekin, lagunei beheititik oihuka deitzen, ezin baitute elektrizitaterik erabili. Klasean ere badaude katolikoak, protestanteak, musulmanak, juduak… batzuk aski praktikanteak».

Etxetik urrun

Zugarramurdiren aldean, «aukera gehiago badira hemen; ideia, sinesmen eta erro desberdineko jendea ezagutzeko, leku, herri eta hiri berriak deskubritzeko… Orain, adibidez, Alemaniara joaten naiz gauza batzuk erostera, duela urte batzuk pentsaezina eginen zitzaidana». 

Gainera, «nire konfort ingurutik atera izanak hamaika gauza berri ekarri dizkit, bizi guziko harremanak ulertzeko bertze ikuspuntu bat, hizkuntzak nigan dituen eraginak ikusteko zehaztasun bat. Ez dakit zein punturaino Estrasburgo hala den, edo niretzat hori den Estrasbugo».

Zugarramurdirekin, berriz, «lotura emozional bat dut, nire harremanak manera aski berezian baldintzatzen dituena. Beti izanen da nire etxea, gehienbat jendearengatik. Estrasburgon egon arren, lasaigarria da jakitea han dagoela Zugarramurdi, beti itzultzen ahalko naizela eta, seguraski, aldaketa guti izanen dituela. Harrigarria da itzultzen naizenean, lehenago horren sinplea zen zerbaitek, ostatura joateak adibidez, ezustean ilusio ikaragarria egiten didala».

Etxetik kanpo bizitzean, «kolpez independentzia izan nuen, eta 'helduen' ardurei aurre egitea gogorra izan zen. Sozialki ere, hasieran nuen bakardade omnipotente hori malgutzen ari da, bakardade normaltsuago batera hurbiltzen, halakorik existitzen bada». Hala ere, «askatasuna eman dit, nire bizia imajinatzen dudan bezala eraikitzeko, ideia eta helburu argiagoekin».

Etorkizunera begira

Lizentzia akituta, «psikologian, masterrik gabe, guti egiten duzu. Masterrak galdera gehiago suposatzen ditu, bai intentzio aldetik eta baita sartuko naizen edo ez. Alde batetik, hemen eraikitako bizia noraino ailegatzen den ikusi nahi dut, baina bertzetik, Estrasburgon ikasitakoa bertze hirietara ere aplikatzen ahal den ikusi nahiko nuke. Beti da interesgarria zerotik hastea».

Zugarramurdiri dagokionez, «ez dakit zein punturaino eraiki nahi dudan han nire bizia, ezta aukerarik izanen dudan ere. Lan aukerak ez dira beti hoberenak inguru horietan eta horrek ere eragin handia du».

Azkenik, argi utzi du: «zoriontsu izatea hautu sinplea da, zure ingurua baloratzen ikasi eta lasai, bizia beti izanen da berezia aukera bat ematen badiogu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun