Karrikan da 27. Hatsaren Poesia liburua

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 15a, 17:00

Liburuaren aurkezpena eginda, egun horretan Baionan egitekoa zen EHEren manifestazioarekin bat eginez, argazkia atera zuten.

Joan den apirilaren 6an, Senpereko Larraldean aurkeztu zuten 27. Hatsaren Poesia liburua. Edizio honetan 128 olerkarik parte hartu dute, eta horien artean, hamasei hatsakide berri izan dira. 

Eguerdi aldera egin zuten hitzordua, eta aurkezpenarekin hasi ziren. Deus baino lehen, Hatsa elkarteko Ainara Maiak eskerrak eman nahi izan zizkion Antonio Iturriotzi: «Eskerrak hari bildu gara bertze urte batez Euskal Herri osoko eta euskal diasporako poetak eta poesia zaleak, gutarteko zubi poetiko hori iruten segitzeko, gutarteko sarea ehuntzen jarraitzeko». Horrekin batera, Patri Urkizu eta Juan Luis Eizmendi hatsakide zenduei omenaldia egin zieten.

Horren ondotik, aurtengo liburuaren sar-hitzaren egile den Joxe Luix Agirretxeri eman zioten hitza, eta segidan, aurtengo liburu berriaren azala egin duen Andrea Bella uruguaitar-euskaldunari. Auxtim Zamoraren hitzekin borobildu zuten aurkezpena.

Gainerakoan, Hatsaren Poesia libururako sar-hitzaren egile nor izanen den erabakitzeko zozketa egin zuten. Eta horren arabera, Marisa Arruabarrenak eginen du. Azken 26 urteetako Hatsaren Poesia liburu-sortaren zozketa ere egin zuten, eta irabazlea Luzien Etxezaharreta izan zen. Azalaren marrazkilaria nor izanen den, ordea, oraino ez dute zehaztua. Jakinarazi dutenez, «zabalik da eskaintzak egiteko epea, eta zuotako edonork egiten ahal du».

Aperitifaren ondotik, mahaiaren bueltan bildu ziren bazkaltzeko, hogei bat poeta. Eta arratsaldean, horietako bakoitzak liburuko olerkia errezitatu edo kantatu zuen. Bertaratu ezin izan zutenen batzuen olerkiak ere leitu zituzten: Eñaut Etxamendi, Maria Sol Cicero, Xabaltx, Mikel Babiano, Aitor Antuñano, Lierni Azkargorta…

Hatsaren Poesiaren hurrengo hitzordua Sarako Idazleen Biltzarrean izanen dute, apirilaren 21ean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun