Iparraldeko Pilota Batzordeak antolatutako trinketeko esku huskako buruz buruko txapelketako finalak jokatuko dituzte apirilaren 6an, igandean 16:00etan hasita Donibane Garaziko Garat trinketean. Lehen mailako finalean, Sarako Izarrako Betti Gurrutxaga eta Lau Herri taldeko Nicolas Dufau izanen dira aurrez aurre.
Igande arratsaldeko hirugarren eta azken finala izanen da lehen mailakoa. Aitzinetik, 22 urtez beheitiko finala jokatuko dute Oztibartarrak taldeko Ibai Etxeberri-Bortheirik eta Zaharrer Segi taldeko Xalbat Ibarrolak. Segidan, bigarren mailakoa jokatuko dute Itsasuarrak taldeko Estebe Parachuk eta Amikuzeko Florian Mendiburuk. Aipatu bezala, 18:00 aldera jokatuko dute lehen mailako finala Sarako Izarrako Gurrutxagak eta Lau Herriko Dufauk.
Martxoaren 23an jokatutako finalerdietan, Sarako Izarrako Betti Gurrutxagak 40-34 irabazi zion Senpereko SPUC taldeko Amaiur Jauregiri eta Dufauk menpean hartu zuen Atzarriko Massonde.