Sarako lezeetako Xortaz Xorta programa ezagutarazi zuten martxoaren 18an Sarako herriko etxean egindako agerraldian. Fabrice Iparagirre zuzendariak urte osoko gure hizkuntza eta kultura ekimenak aurkeztu zituen. Egitarau honekin, bisita gidatuez gain, «gure ondare kultural, historiko eta naturala argitan emateko eta publiko zabalari transmititzeko dugun engaiamendua berretsi nahi dugu».
Urteko egitaraua ihauterietako erakusketarekin eta Lezeen Egunaren karietara, Maddi Zubeldiarekin egindako Oskolaren azpian bisita bereziarekin abiatu zen. Apirilaren 5ean, larunbat arratsalde bukaeran, Elementuen ospakizuna Iparraldeko Maurice Ravel Kontserbatorioko ikasleen ikusgarria izanen dute. Apirilaren 26an, larunbatean, 18:30ean, Sébastien Cazes eta Laurent Tillonen Chroniques d’une vie à l’envers liburuaren inguruko topaketa eginen dute, frantsesez. Udazkenera bitarte, hilero hilero bertze ekimenak izanen dira.
Herriko Etxean egindako agerraldi berean, Bai Euskarari elkarteak ezagutu 2022-2025 herriko hizkuntza politikaren bilana aurkeztu zuten martxoaren 18an Battit Laborde auzapezak, Esteban Barneix lehen axuantak eta Patxi Jauregui Basurco kultur, elkarte bizi eta hizkuntza politika axuantak.