Saran, Oskolaren azpian, Maddi Zubeldiaren sorkuntza berezia ikusteko eta aditzeko aukera izan zuten. Ibilaldi poetiko eta kantatua lezearen sakonean, abentura introspektibo bat, parte hartzaileei gure historiaurreko arbasoen errituak eta galderak biziarazi zizkiena.
Zugarramurdin, Montes Solidarios elkartearen Escuchando el silencio dokumentala aurkeztu zuten goizean eta Abentura Mitologikoa Zugarramurdin eskaini zitzaien haurrei, Ainhoa Agirre lezeko zuzendariak gidatuta. Agirrek aipatu zuenez, «euskal mitologia ekologiarekin eta ingurumenaren zaintzarekin lotu nahi genuen, natura zainduz ingurumenak berak gu zainduko gaituela gogoratuz».
Urdazubiko lezeko bisita gidaturako sarreren prezioko % 50eko deskontuaz gain, bisita gidatu guztietan argazkiak atera ahal izan zituzten bisitariek, beti ere gidariaren oharrak segituz.