Ortziralean Itsasun jokatu zuten lehen kanporaketa eta Maddi eta June Aiestaran ahizpek lortu zuten bertan hurrengo faserako txartela.
Larunbatean, aldiz, Mutrikuko gaztetxean aritu ziren Aroa Arrizubieta eta Unax Aizpurua saratarra; Iraide Onaindia eta Maddi Agirre; Joanes Azpillaga eta Julene Iturbe. Gaztetxea beteta, 80-90 lagun inguru hurbildu ziren bertsolarien jardunaz gozatzera, eta giro beroa izan zen. Finalaurrekotarako txartela Aizpuruak eta Arrizubietak lortu zuten.
Aste honetan jokatuko dituzte hurrengo bi kanporaketak eta eskualdeko bi bertsolari ariko dira: Kattin Madariaga aranztarra eta Haira Aizpurua saratarra.
Madariaga ortziralean ariko da Hernaniko Kontrakantxa gaztetxean Enara Gallastegirekin bikotea osatuta. Danel Etxeberria eta Janire Arrizabalaga, eta Ekhi Zuluaga eta Gorka Pagonabarraga ere ariko dira kantuan.
Haira Aizpurua, aldiz, Nahia Etxeberri baxenabartarrarekin ariko da larunbatean Altsasuko gaztetxean. Aitor Tatiegi eta Suhar Gesalaga eta Elixabet Etxandi eta Eukene de los Aires bertsolariek osatuko dute saioa.
Finalerdiak Bilboko 7katu gaztetxean eta Gasteizko gaztetxean jokatuko dituzte. Finalaren data eta lekua aitzinerago jakinaraziko dituzte.