Martxoaren 16ko Lezeen Egunerako proposamen interesgarriak izanen dituzte eskualdean

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 13a, 15:00

Euskal Herriko lezeetako ordezkariak, igandean ospatuko duten Lezeen Egunaren aurkezpenean.

Sarrera prezio erdian eta sarien zozketetan parte hartzeko aukeraz gain, bertze zenbait ekitaldi antolatu dituzte Saran, Urdazubin eta Zugarramurdin

Lurpea elkarteak antolaturik, martxoaren 16an ospatuko da Euskal Herriko Lezeen Eguna. Elkarte horretan Euskal Herriko zortzi haitzulo daude, horien artean Xaretako hiruak. Beraz, leze guzti hauen sarrera %50ekoa izanen da eta zozketatan parte hartzeko aukera izanen da. Bertzeak bertze, asteburuko egonaldi bat Karrantzako Alma de Romero hotelean (Bizkaia) edo Lurpea sarean diren lezeetarako sarrerak izanen dira sariak.

Saran, igandean 11:00etan, Oskolaren azpian, Maddi Zubeldiaren sorkuntza berezia ikusteko eta aditzeko aukera izanen da. Ibilaldi poetiko eta kantatua lezearen sakonean, abentura introspektibo bat, parte hartzaileei gure historiaurreko arbasoen errituak eta galderak biziaraziko dizkiena. Aitzinetik izena eman behar da.

Zugarramurdin, Montes Solidarios elkartearen Escuchando el silencio dokumentala aurkeztuko dute 10:30ean eta Abentura Mitologikoa Zugarramurdin eskainiko zaie sei eta hamar urte arteko haurrei, 12:00etan eta 16:00etan. Erreserba egin behar da aitzinetik, zugarramurdikolezea@gmail.com helbide elektronikoan.

Urdazubiko lezeko bisita gidaturako sarreren prezioko % 50eko deskontuaz gain, aurten, martxoaren 16an, igandean, bisita guztietan argazkiak atera ahalko dira, beti gidariaren oharrak segituz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun