Udaleku ibiltaria uztailaren 14tik 20ra izanen da, eta Urruña, Sara, Igantzi, Lesaka eta Oiartzun gurutzatuko dituzte. 2010 eta 2011 urteetan jaiotako gaztetxoek parte hartzen ahalko dute. Gainera, lehentasuna izanen dute Bortzirietan, Oiartzunen, Saran edota Urruñan erroldatuta daudenek eta beharrezkoa izanen da euskaraz jakitea.
Udalekuen helburu nagusia muga administratiboak gainditzea da: Iparraldeko eta Hegoaldeko gazteen arteko harremanak eraiki eta sendotzea, euskara eta euskalkiak ezagutzea eta praktikatzea, parte hartzea bultzatzea eta Euskal Herriko hainbat txoko ezagutzea natura, kultura eta kirola ardatz hartuz.
Udalekua Urruñan hasiko da, uztailaren 14an, 10:00etan. Egunez egun Oiartzunera arteko ibilbidea eginen dute, herriz herri hainbat jarduera eginez. Udalekua uztailaren 20an bukatuko da, Oiartzunen.
Izen emateko aukera irekia dago dagoeneko eta online egin behar da hemen. Toki kopuru mugatua izanen da, eta gehienez ere 40 gaztek parte hartzen ahalko dute. Izen ematea apirilaren 6an itxiko dute.
Udalekuen prezioa 150 eurokoa da eta familiek apirilean jakinen dute izen ematea onartu izan den. Antolatzailea haiekin harremanean jarriko da ordainketa bideratzeko eta behar den dokumentazioa eskatzeko. Udalekua aitzinera ateratzeko gutienez 15 izen emate beharko dira.
Udalekuaren antolatzailea Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilgunea da eta Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen, Oiartzungo Udalaren, Sarako Herriko Etxearen eta Urruñako Herriko Etxearen babesa dauka. Gainera, Euroeskualdeak diruz lagundutako jarduera da. Mugaldeko Udalekua 25 webgunea Kulturkarik egin du.