Foruzaingoak lau pertsona atxilotu ditu Dantxarineko dendetan 17.000 euroko balioa duten lurrinak eta arropak ebasteagatik

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 2a, 11:30

Foruzaingoak jakitera eman berri duenez, pasa den asteazkenean Madrilen bizi diren hiru gizonezko eta emakumezko bat atxilotu zituzten Dantxarineko bi establezimenduetan ebatsitako markako arropa eta lurrinekin harrapatu ondotik. Oharrean zehaztu dutenez, 17.000 eroko balioa duten produktuak berreskuratu dituzte.

 
Foruzaingoak dioenez, atxilotutakoak talde antolatu bateko kideak dira eta 21 aurrekari dituzte.
 

Ageri denez, atxiloketak joan den asteazkenean egin zituzten foruzainen kontrol batean furgoneta bat geldiarazi zutenean. Marihuana usain handia zuela eta, droga testa egin zioten gidariari, eta positiboa eman eta salaketa jarri zioten. Lau bidaiarien «urduritasuna ikusita» identifikatu egin zituzten. Furgoneta miatzen hasita, hainbat poltsa aurkitu zituzten produktuz beteak, baina bidaiariek ezin izan zuten haiek erosi izana justifikatu.

Gainera, alarmak saihesteko aluminioz forratutako poltsak eta motxilak aurkitu zituzten, eta maletategian tapakia zuen zulo bat ere, behar izanez gero gauzak gordetzeko. Kokaina eta marihuana kantitate batzuk ere konfiskatu zizkieten, eta salaketa administratiboa jarri zieten.

Horiek horrela, foruzainak Dantxarineko bi dendatako arduradunekin harremanetan jarri ziren, eta lapurtutako 73 objektuen (arropa eta lurrinak, batez ere) jabeak zirela baieztatu zieten foruzainei.

Atxilotuak Iruñera eraman zituzten, epailearen esku uzteko.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun