Zugarramurdin 2.778.835 euroko udal aurrekontua izanen dute aurten

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 21a, 17:00

25 bat urte dituen Pottokaren Bidearen eta lezearen digitalizazio lanak ere eginen dituzte.

Lezeko irisgarritasuna hobetzeko lanen lehen fasean 500.000 euroko inbertituko dituzte eta lezearen eta Pottokaren Bideko digitalizazio lanak ere eginen dituzte

Zugarramurdiko Herriko Etxeak 2.778.835 euroko udal aurrekontua onartu du aurten, Garapena enpresaren diru sarrera eta irteerak ere barne direla. Eginen diren inbertsioen artean, lezeko irisgarritasuna hobetzeko lanen lehen fasean 500.000 euro erabiliko dituzte eta Zugarramurdiko saihesbideko proiektuaren erredakzioa eta lanak hasteko tramiteak ere eginen dituzte eta frontoiko teilatuaren zaharberritze lanetan 200.000 euro inbertituko dituzte.

Lezearen eta Pottokaren Bidearen digitalizazioa

Herriko baliabide turistiko garrantzitsuak diren lezearen eta Pottokaren Bidearen digitalizazio lanetan ere inbertituko dute, 90.000 eta 62.000 euro, hurrenez hurren. Dagoeneko 25 bat urte dituen Pottokaren Bideari dagokionez, teknologia berriei egokitzeko pausu bat eman dute: hainbat tokitan informazio digitala eskainiko da, QR kodeen bidez. Hau egiteko, Europatik 60.000 euroko diru laguntza hartu da, eta joan den otsailaren 9an bilkura bat egin zuten lau herrietako ordezkariek, Zugarramurdi, Urdazubi, Sara eta Ainhoakoek. Bidean zein informazio emanen den herri bakoitzak aukeratuko du (kisu labeak, harlauzak, zubiak, errotak, landareak, bizi moduak…) eta informazio honen bilketa egiten Mattin De Castro antropologoa arituko da. Bilketa egin ondotik, Amets Arzallus bertsolari ezaguna arduratuko da informazio horri forma emateaz, eta azkenik, bertze hiru hizkuntzetara itzuliko da (gaztelania, frantsesa, eta ingelesa). Udazkenerako plantan emana izatea da asmoa eta orduan bideko informazioa digitalki kontsultatzeko modua izanen da.

Antzinako apez etxearen garapenaren proiekturako 60.000 euro erabiliko dituzte, turismo bulegoa hobetzeko lanetan 45.000 euro eta Akelarreko belaia egokitzeko lanetan 40.000 euro.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun