Sarako Izarrako bikoteek irabazi dituzte Union Basque Batasuneko trinketeko esku huskako txapelak

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 18a, 16:00

Sarako Izarrako Joan Agesta eta Xan Errandonea txapeldun hirugarren mailan.

Hirugarren mailan Joan Agesta eta Xan Errandonea eta gazte mailan Kaiet Alduntzin eta Unai Berasategi izan dira txapeldun Uztaritzen

Union Basque Pilota Batasuneko trinketeko binakako esku huskako txapelketen finalak jokatu dituzte otsailaren 15ean Uztaritzen. Sei final jokatu zituzten eta horietatik bitan aritu ziren Sarako Izarrako pilotariak eta bietan txapeldun suertatu ziren.

Hirugarren mailako finalean, Sarako Izarrako Joan Agestak eta Xan Errandoneak 40-22 irabazi zieten Club Amical Morcenais taldeko Jérôme Lamari eta Sebastian Malgor-i. 19 urtez beheitiko gazteen A mailan, berriz, Sarako Izarrako Kaiet Alduntzinek eta Unai Berasategik 40-21 irabazi zieten Senpereko SPUC taldeko Eyllande Doyharçabali eta Elies Irubetagoienari.


Sarako Izarrako Alduntzin eta Berasategi txapeldun gazte mailan.

Lehen mailan, Aviron Bayonnais taldeko Tellierek eta Lambertek 40-21 irabazi zieten Denek Bat taldeko Arbeletxeri eta Urrutiri eta bigarren mailan, SA Mauleonais taldeko Irumek eta Lafittek 40-38 irabazi zieten Kapito Harriko Esclamadoni eta Urrutiari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun