BENE AGIRRE ETXEBERRIA

«Uzten badidate eta ongi banago 70 urtera arte lanean ari nahi nuke»

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 16a, 08:00

Gustukoa du bere lana Bene Agirre Etxeberriak, eta aitortu duenez, «lanerako gero eta gogo handiagoa dut». Irudian Urdazubiko kontsultategian ageri da. ttipi-ttapa

Bene AGIRRE ETXEBERRIA, Urdazubiko eta Zugarramurdiko medikua

Jubilatzeko adina ailegatuta, lanean segitzeko intentzioarekin da Agirre. Orain dela 40 urte hasi zen Urdazubi eta Zugarramurdiko kontsultategietan eta lanerako «gero eta gogo handiagoa» duela dio

Arriskua. Medikua. Irteerarik gabe. Hiru mezu kartel banatan. Halaxe paratuak ditu Bene Agirre Etxeberria (Etxalar, 1957) medikuak Urdazubiko kontsultategiko atean. Umorez egindakoa du ohartarazpena, berezkoa baitu umorea, baina badu egiatik ere; bertzeak bertze, jubilatzeko aukera izanda, lanean segitu nahi izatea bada zerbaiten seinale. Pasioz bizi du ofizioa. 40 urte daramatza Urdazubiko, Zugarramurdiko eta kanpotik joaten zaizkion hainbertze paziente artatzen, eta 68 urte bete berritan, «uzten badidate, eta ongi banago, bertze bi urtez» segitu nahi du.

Betitik garbi izan duzu mediku izan nahi zenuela?

Bai, ttikitatik garbi nuen. Oroitzen naiz, haurra nintzela «Ze gustura ariko nintzatekeen mina kentzen edo sendatzen» pentsatzen nuela. Gerora, mundu honetan sartzen zarenean, gauzak ez dira zuk pentsatu bezala izaten, baina nik betitik izan dut afizioa, eta gero eta gehiago dudala erranen nuke. Gero eta gogo handiagoa dut lan egiteko, eta nire adinean ez da normala... Ez dut ordurik. Bazkaldu gabe lanean gelditzen ahal naiz.

Ikasketak non egin zenituen?

Etxalarko eskolakoa bukatu, eta ikasten Donostian segitu nuen, eta handik Valladolideko unibertsitatera (Espainia) joan nintzen medikuntza ikastera. Doktoretza, berriz, Iruñean egin nuen, Nafarroako Unibertsitatea klinikan. Odoleko koagulazioei buruzko doktore tesia egin nuen, odola zergatik koagulatzen den edo loditzen den ikertuz.

Urdazubiko eta Zugarramurdiko kontsultategietan, berriz, 40 urte...

Bai, nola pasatzen den denbora. Orain dela 40 urte etorri nintzen, baina ez hemen gelditzeko pentsamenduarekin. Oposizioak atera nituenean erabaki nuen hemen gelditzea, baina ospitalearekin harremana mantentzeko baldintzarekin. Herri batera etorri eta birziklatu gabe gelditzea ez nuen ongi ikusten. Nire kasuan, Urdazubiko eta Zugarramurdiko kontsultategietan lan egiteaz gain, Nafarroako Unibertsitatea klinikara joateko aukera izan nuen, soldatarik gabe, bertzerik gabe, berrikasteko eta birziklatzeko. Horregatik gelditu nintzen.

Hasierako zer oroitzapen dituzu?

Hasiera hartan gaizki pasatu nuen. Ez nekien deus eta ez nuen deus! Mahaia, aulkia, fonendoskopio bat eta guti gehiago. Baina ospitalera joandakoan materiala eskatu, eta han ematen zidatena ekartzen hasi nintzen. Oroitzen naiz zabor poltsetan ateratzen nuela.

Nolako harrera egin zizuten?

Ona, baina badakizu batez ere zergatik? Euskalduna nintzelako. Denbora haietan, kasik mediku eta erizain guziak erdaldunak izaten ziren, eta hemengo baserrietan bazen erdaraz batere egiten ez zuen jendea. Aunitz eskertu zuten euskalduna izatea.

«Arazoak hemen moldatzen gehiago saiatu behako genuke»

40 urte hauen balorazioa egin beharko bazenu, zer erranen zenuke?

Kontent nago beti lana izan dudalako, eta alde horretatik, Osasunbideari eskerrak eman beharrean nago. Baina hortik aparte, inguruan lantalde ona izatea inportantea da eta hori ez dut nik aukeratu. Nik ere nire akatsak izanen ditut, horretan ez dut dudarik, baina lantalde onik gabe, ezin duzu ongi lan egin. Lan guzietan bezala, nik ere nirean momentu onak eta ez hain onak izan ditut: erizainak ez dira beti onak izan, afiziorik gabe, utziak, mintzatu eta kasurik ez... Ezin konponduz ibili garen boladak izan dira eta horrekin ez dut ongi pasatu. Baina taldean aski langile onak ere izan ditut eta momentu honetan lantalde bikaina dugu. Aitzinera segitzeko gogoa eta ilusioa ematen didate.

40 urteotan zer aldatu da?

Aldaketa handiena azpiegituretan sumatu dut. Hasiera hartan, Urdazubin, herriko etxeko lehenbiziko solairuan egoten ginen, bulego zahar batean, eta Zugarramurdikoa aunitz zaharragoa zen. Oraingo lantokia ikusita, bada alde ederra. Orain ongi gaude.

Eta pazienteak aldatu dira?

Bai, orain jendea lehen baino gehiago etortzen da kontsultategietara, lehen ez bezala, edozein gauzarekin, eztul bat egin orduko. Iruñetik beheiti gehiago sumatzen da joera hori, baina hemen ere sumatzen hasiak gara. Hortik aparte, biztanleria gero eta zaharragoa da eta hori ere nabaritzen da kontsultategietan. Gazteen artean, buruko osasun arazoek ere aunitz egin dute goiti. Ez da normala hainbertze gaztek antidepresiboak edo lasaigarriak hartzea. Pastillen hainbertzeko beharra baldin badugu, gizarte honetan zerbait ez dugu ongi egiten.

Ohiko bertze kontsultategietan eskaintzen ez dituzten zerbitzuak ere ematen dituzu...

Bai, adibidez, kirurgia ttikiak egiten ditugu eta Urdazubitik eta Zugarramurditik kanpoko jende aunitz etortzen da. Niretako lan gehiago da, baina ez dut inongo problemarik behar duenari laguntzeko. Gainera, niretzat ere ona da, uzten baduzu, abilidadea galtzen baita. Halakoetan, bertze aldean, pazientearen tokian, jartzen dut neure burua, Iruñera joan, hartu ordua... Osasun etxera joaterakoan, aunitz aldiz ez dute hitzordua egun berean ematen, eta telefonoa lehenbiziko saiakeran hartzen badute kontent. Laguntzen ahal badut, kontent.

Urdazubin eta Zugarramurdin, pazienteek ez dute hitzordua hartu beharrik izaten. Kontsultategira joatearekin aski dute...

Bai, guk hola funtzionatzen dugu. Gure pazienteak ordua hartu gabe etortzen dira. Horri buruz mintzatu izan gara jendearekin, eta zerbitzua dagoen bezala uzteko erran izan digute. Jendearendako hobekiago dela iruditzen zait. Ateak zabalik daude norbaitek etorri nahi badu. Momentuz, hola segituko dugu.

Ez omen duzu jubilatu nahi...

Aunitz maite dut nire lana eta uzten badidate eta ongi baldin banago, bertze bi urtez behinik behin ari nahi nuke. Otsailean 68 urte bete ditut eta nire helburua 70 urtera arte segitzea da. Eskuetako artrosiak pixka bat izorratzen nau, baina ikusten direnak ikusita, bertzerik ez badut, kontent. Gerora, lanerako gogoarekin segitzen badut, jubilatu ondotik zer egin pentsatzen hasi beharko dut, baina ikusiko dugu, gauzak egun batetik bertzera aldatzen ahal dira eta denborak erranen du.

Zer da zure lanetik gehien gustatzen zaizuna?

Dena gustatzen zait, baina batez ere, eskuz egin beharreko lanak. Kirurgia ttikiak maite ditut, baina rektoskopiak ere egiten ditugu, malko bidearen buxadura sendatu eta bertzelako esplorazioak egin. Edozein arazo baldin bada, hemen moldatzen saiatzen naiz.

«Mediku euskalduna izatea aunitz eskertu zuten»

Aunitzetan erraten da lehen mailako arreta ez dagoela egoera hoberenean. Zuk nola ikusten duzu?

Horrekin beti izan dut kezka, eta orain gehiago. Iruditzen zait hemen, herrietan, aunitz gauza gehiago egin beharko genituzkeela. Horrekin ez dut erran nahi profesionalak ez direnik konprometitzen, baina egiten dugun moduan eta behar bezala birziklatu gabe, uste dut ez garela behar bezain ausartak. Espezialistengana hainbertze jende bidali beharrean, arazoei hemen soluzioa bilatzen gehiago saiatu beharko genuke. Gai hori landuz, Osasunbidean hitzaldi bat eman nahi nuke. Materiala prest dut, diapositiba eta guzi, ongi justifikatua eta adibideekin.

Eta lehen mailako arretan baliabide gehiago behar dira?

Baliabideak bai, baina hori baino gehiago, birziklatzeko beharra dugula erranen nuke. Gaur begietako arazo batekin etorriko zaigu norbait, hurrengoan bihotzeko arazoarekin eta bertze batean maskuriko arazoarekin. Medikuntzan aunitz aitzineratu da eta guk ere lehenbiziko lerroan egon behar dugu.

Pandemia garaiko zer oroitzapen dituzu?

Oroitzapen txarrak. Presio handia sentitu nuen Iruñetik. Hura pasatu zen, eta berriz normaldu da egoera. Aunitzek erraten dute pandemia ondotik zerbait aldatu dela, baina nik ez dut sumatu.

Mediku gazte aunitzek ez omen dute herri ttikietara lanera joan nahi. Zergatik uste duzu?

Ez dakit zer gertatzen den, eta zergatik dugun horrelako mediku falta. Herri ttikietan bada arazoa, baina baita Iruñean ere. Denetarik aditu dut: bertze herrialdeetan hobeki pagatuak direla eta hori egia da; atzerrira joan direla ere erraten da eta hori ere egia da, aunitz joan baitira; horrez gain, jubilazio aunitz izan dira eta izanen dira eta akaso ez dute ongi kudeatu... Denetarik pixka bat. Edozein moduz, herri hauetara etortzen direnean, berriz euren ingurura edo hirira hurbiltzeko asmoa izaten dute. Lehen honat etorri eta hemen bizitzen gelditzen ziren; orain, ordea, ez.

Ongi prestatua izateaz aparte, zer behar luke mediku on batek?

Gustuko lana eta lantalde ona izatea inportanteak dira, eta horrekin batera, afizioa behar da. Uste dut hori dela printzipalena. Hortik aparte badira kanpoko eragile aunitz. Lanera gustura joaten ahal zara, baina 50 lagun baldin badituzu esperoan, presio haundia izanen duzu. Baina zerbait aipatzekotan, afizioa erranen nuke.

Zer aholku emanen zenuke?

Telebista, mugikorrak, Internet... Hortik heldu den informazioak gehiegi eragiten digu eta jendea pixka bat desorientatua ikusten dut. Garen bezalakoak izan eta kanpoko influentzia horiek alde batera utzi beharko genituzke, eta kontent bizi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun