Urtarrilaren 24an, ortzirale ilunabarren ukan dituzte Sarako agiantzak Lur Berri gelan. 120 bat herritar bildu ziren, herriko elkarteetako ordezkariak, herriko enplegatuak, eskoletakoak, suhiltzaileak, Xaretakoak, apezak eta bertze.
Battite Laborde auzapezak, bere hautetsiekin, denei ongi etorria egin die eta zorionak eta urte berri onak opa 2025 urterako. Gero axuantak mintzatu dira eta denek aipatu dituzte 2024an egindako lanak eta aurten zer eginen duten. Erraterako, Apezetxea eraberrituko dute, bortz etxebizitza eginez. Jada baimena ukana dute. Eskola publikoan eta ikastolan ere lan batzuk eginen dituzte, baita errugbi zelaian ere. 252 haur badira hiru eskoletan eta Jon sukaldariak 150 bazkari egiten ditu herriko baserrietako mozkinekin.
Oihanei dagokienez, urtero bezala, arbolak landatu dituzte eta laborariak lagundu. Elkarte guziek Bai Euskarari egina dute eta horrela segitu nahi dute.
Fabrice Iparragirre, lezeetako zuzendari berriak kultur eskaintza anitz ekarri ditu eta urte berri honendako ere baditu bertze ideia batzuk ere. Pierre Indaburu ere aipatu zuten, lehenago kontseiluan egona, ainitz lanetan haren argia ukan dutela, partikularki batimenduetan, eta orai huts eginen du: «Pausa ongi Pierre!». Borondateko jendeak ere eskertu dituzte, horiek egiten duten lanarengatik.
Azken hitza Battitte Laborde auzapezak hartu du, denak eskertuz eta aipatu du «badugula Xaretarekin eta hegoko aldeko herriekin sortutako Gure Mendia elkartea, harreman handiak eginak ditugu, hori beharrezkoa baita». Ondotik zintzur bustitze ona izan dute.