Alabena konpainiaren ‘Izakiak’ ikusgai izanen da otsailaren 16an Saran

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 24a, 16:00

Dantza, musika eta arte plastikoak lotzen dituen 'Izakiak' ikuskizuna eskainiko du Alabena konpainiak Sarako lezeetan.

Sarako Idazleen Biltzarrak antolatu du Uztaritzeko taldearen emanaldia lezeetan

Sarako Idazleen Biltzarrak Izakiak ikuskizuna ekarriko du Sarako lezeetara otsailaren 16an, igandean. Emanaldia 11:00etan hasiko da eta Uztaritzeko Alabena konpainiako kideek dantza, musika eta arte plastikoak lotuko dituzte, «bisitariei lezearen bihotzean ibilaldi artistiko bat segitzeko aukera eskainiz». Ikusle kopurua mugatua denez, erreserba egitea beharrezkoa da. Lezeetarako eta ikuskizunerako sartzea bost euro kostako da.

Hiru urtetik beherako haurrentzat emanaldia ez dela egokia azaldu dute antolatzaileek. Ordubete eskaseko ikuskizuna da eta Alabena konpainiako kideek lantzen dituzten diziplina anitzen erakusle garbia da. Arantxa Lannes-en dantza garaikideak, Ekhi Lambert eta Pierre Sangla musikarien laguntzarekin, diziplinen arteko elkarrizketa poetikoa ehuntzen du, esperientzia intimo eta kontenplatibo bat sortuz. Elkarrekin Lannesen margolan eta marrazkiei bizia ematen diete mugimendu, gorputz eta musikaren bidez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun