‘Nun habila Perkain?’ dokumentala emanen dute Saran abenduaren 28an

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 23a, 12:00

Larunbatean 19:00etan Lur Berri gelan hasiko den emanaldian izanen da Mikel Erramouspe errealizatzailea ere

Nun habila Perkain? filma dokumentala proiektatua izanen da abenduaren 28an, larunbatean 19:00etan Sarako Lur Berri gelan. Mikel Erramouspe errealizatzailea ere han izanen da, filma ikusi ondotik, honi buruzko azalpenak emateko. 52 orduko dokumentala da, euskaraz, azpitituluak frantsesez dituela.

Proiektua nola sortu den

Aldudarrak kultur elkartea hasi da dela lau urte, Aldude eta auzo herrietako historia eta bizia erakusten dituzten irudien biltzen

Bildu irudiak numerizatzen ditu, gisa horretan hobeki kontserbatzeko, baliatzeko eta erakusteko. Guti erakatsia edo ahantzia den gure historiaren partekatzeko.

Sail horretan du beraz Aldudarrak elkarteak hautatu, Perkain pilota elkartea lagun eta sustenguarekin, lekuko pilotaren historia aberatsa ikertzea eta zabaltzea lau dokumental bideo bidez.

 

Lau dokumental lerro lerro

Nun habila Perkain lehen dokumentalean Mikel Erramouspe errealizatzailea entseatzen da Perkain pilotari mitikoaren hobeki ezagutzea. Frantses iraultza denbora nahasi horretan bilatuz zer pasatu den xuxen hiru herri hauetan. Mendiz mendi ibiliko da Banka Aldude eta Urepelen gaindi bainan inkestak eramanen du ere Aurizperri, Itsasu eta Tolosa alderat. Zerbaitetarat helduko da?

Ainitz gai erabiliak dira hemen zeiharka bederen:  Noiz eta nola sortu zen Aldude? Zergatik frantses iraultza denboran partikulazki, Aldudarrak eta Baigorriarrak elgarren kontra jarri ziren? Nondik heldu da lehia hori?

Nolaz du Perkain pilotariak holako fama bildu  Zer dakigu xuxen hartaz? Zoin da historiaren partea eta zoin leiendarena? Nolaz zuten denbora hartan pilotak eta partikulazki pilota desafioek holako garrantzia?

Pilotaren historiari esker sekulan erakutsi ez daukuten historioa ikasteko manera bat izanen da.

 

Bigarren dokumentalean XIX. mendeko pilotaren historia aberatsa izanen da gaia. Laxoa, bota luzea pleka pilota joko ezberdinak ikertuz.

Hirugarren dokumentalean, 3 herrietako pilotariei emanen zaie hitza. Badute segur zer konda hemen eta kanpoan iragan partidetaz.

Laugarren dokumentalaren gaia izanen da gaur egun, nola bizi araz pilota partikulazki haur eta gaztetan. Pilotari, hezitzaile, elkarte arduradunei hitza emanez. Baina pilota kirol bat baino gehiago da oroz gainetik euskaraz bizi delarik.

Azken hiru hauek 2025 eta 2027 urteen artean hedatuko dira.

Jadanik Aurizperrin, Auritzen, Elizondon eta Baigorrin galdegina izan da 52 minuta irauten duen dokumental hau. Ondotik galdegina izanen den lekuetan zabaldua izanen da. Euskaraz egina da. Frantsesezko eta gaztelerazko azpitituluak emaiteko xedearekin.

Zenbait lekuko enpresek diruztatzen dute dokumental hau. Euskal Herriko Pilota batzordearen baitan den ondare taldeak ere azkarki sustengatzen du. Beren baitarik lagundu gaituzten presunak ahantzi gabe.

Euskal Kultur Erakundeak ere sustengatzen du Aldudarrak elkarteak biltzen dituen lekukotasunak bere ahozko memoriaren bilketa sailean sartzen direlakotz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun