Zugarramurdiko bizitegiei buruz ikerketa egin du Kattalin Velezek

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 26a, 10:00

Kattalin Velez eta Argitxu Agerre alkatea, Zugarramurdiko bizitegiei buruzko ikerketaren aurkezpenean.

Gazteek herrian gelditu nahi dute, baina etxeen % 30 hutsik dago eta bakarrik bortz eskaintzen dira alokairu arruntean

Alde guztietan bezala, Zugarramurdin ere arazoak dituzte herrian bizitegia erosi edo alokatu ahal izateko. Herrian afera nola dagoen jakiteko, Kattalin Velezek ikerketa bat egin zuen joan den udan, eta horren emaitza azaroaren 29an aurkeztu zuen Zugarramurdiko Herriko Etxean.

Herriko etxeen % 30 hutsik dago orain

Kattalin Velezek kontatu zuena gazi-gozoa izan zen. Alde positiboan, gazteria gehiena herrian gustura dela eta Zugarramurdin bizitzen gelditu nahi duela erakutsi du. Baina, bertze aldetik, bizitegia atzemateko arazo handiak daudela bagenekien, eta hori da Kattalinek ere kontatu zuena, datu hauek emanez: turismorako alokatzen direnaz aparte, bakarrik bortz bizitegi ditugu alokairu arruntean eskaintzen direnak. Herriko etxeen % 30 hutsik daude eta ez dira ez salgai ez alokairuan ematen. Bertzalde, etxe andana bat badaude pertsona bakarra bizi dena.

Aurkezpena finitu, eta hori dena ahal bezain erraz “irentsi” ahal izateko, Herriko Etxeak aperitifa eskaini zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun