Sarako Izarra Pilota elkartearen biltzar nagusia egin dute abenduaren 6an

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 10a, 08:00

Aurten txapeldun izan diren Sarako Izarrako pilotariak, abenduaren 6ko biltzar nagusian.

Denera 104 pilotari ari dira eta aurten 30 final jokatu dituzte eta horietatik 20 irabazi

Sarako Izarra pilota elkartearen biltzar nagusia egin dute abenduaren 6an, arratsean, Pleka Trinketean. Denera 80 bat jende presente ziren. Guy Mounho lehendakariak denei ongi etorria egin die, erranez baduela hamahiru urte hartu zutela elkartea eta beti bulego berarekin segitzen dutela.

Gero, eman du urteko bilana: 30 final jokatu dituzte eta 20 irabazi, 6 Euskal Herriko batzordean, 5 Frantziako txapelketan eta 9 Union Basquen

Denera 104 pilotari badira eta partidak Sarako eta Amotzeko trinketean egiten dituzte, ezker paretean Azkainen eta errebotekoak, plazan, Omordian eta kiroldegian. Partida ainitzetan Jakes Iriarte izaten dute juja. Edukatzaileak, berriz, esku huska Pantxoa Olazagazti, Daniel eta Mattin Mariluz; eta xisteraka Guy Mounho dira.

Txapeldunei eman dizkiete txeke bana. Gero mintzatu dira udako manifestazioneez, ongi aritu direla bertze elkarteekin. Bruno Martin diruzainak eman ditu kontuak, lana ainitz egin behar dela baina manifestazione horiek diru laguntza handia ekartzen dutela, baita herriko etxetik, lantegietatik eta borondate onezko ainitzen eskutik ere. Horregatik, kontuak positiboan dituzte. Lehendakariak eskertu ditu pilotariak, bere bulegokoak, entrenatzaileak eta buraso guziak. Ondotik izan da pintxo eta edateko denentzat, haur eta heldu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun