Mikel Cenoz Verdu

«Herriak ikaragarrizko inplikazioa du Urdazubiko lasterketa prestatzen»

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 24a, 09:00

Irudia: Pierre Ezcurra.

32 urteko urdazubiarra da Mikel Cenoz Verdu, «zaletasun dezente» dituena; musika, bidaiatzea, lagunekin egotea, besta egitea, motorrak… baita kirola egitea ere. Izan ere, «kirol aunitz gustuko ditut: futbola, pala, motorrak… baina azken urte hauetan mendian lasterka egiten aritzen naiz gehien».

Mendian goiti-beheiti

Duela 6-7 urte hasi zen mendi lasterketekin, «herriko lasterketa lehenbiziko aldiz egiteko erronka jarri nion neure buruari». Azaldu duenez, «lasterka egiteak lasaitasuna ematen dit, mendian ibiltzea deskonektatzeko momentua iruditzen baitzait».

Aitortu duenez, «gogorra da, bertze edozein kirol bezala. Mendian malda dezente izaten dira eta hankak fite berotzen dira!». Hala ere, lasterketetarako prestatzeko astean 3-4 aldiz ateratzen da korrika egitera, eta horretarako, «Urdazubiko edozein xoko» du gustuko».

Izan ere, hainbat trail eta probatan aritu izan da lasterka, «eta horiek ongi egiteko nahiak sakrifizioa eskatzen du». Horien artean, herri eta hiri barneko lasterketetan ere parte hartu du; «asfaltoa gustuko dut, baina, dudarik gabe, mendia dut nahiago».

Urdazubiko lasterketa

Proba guzien artean, Urdazubiko Kontrabandisten Lasterketa berezia da Cenozendako «herrikoa delako. Gainera, arras giro berezia sortzen da». Aurtengo edizioa «arras ongi» joan da, «eta jendea kontent gelditu da. Parte hartzaile aunitz izan ditu, larunbatean 140 inguru eta igandean 105 lasterkarirekin».

Baina lasterketan parte hartzeaz gain, antolaketa lanetan ere aritzen da, izan ere, «hemen denak lotzen dira lanera, gazteenetik zaharrenera. Herriak duen inplikazioa ikaragarria da». Azaldu duenez, «lan haundia dago probaren gibeletik; bideak garbitu eta markatu behar dira, gauza aunitz lotu behar dira…».

Denborarekin, lasterketak aldaketak izan ditu; «duela urte aunitz bakarra egiten zen, eta aldatzea erabaki zen. Orain larunbatean gaueko proba egiten da, 10 kilometrokoa, eta igandean luzea, 21 kilometrokoa».

Herriari begira, «mendirako afizio haundia dago, lasterketetan, berriz, ez gara aunitz». Hala ere, «eskualdean mendi lasterketetarako afizio haundia dagoela erranen nuke».

Etorkizunera begira

Momentu onak eta ez hain onak bizi izan ditu kirolarekin. Alde batetik, «momentu hoberenak edozein lasterketa ongi prestatu eta gero, egun borobila ateratzen delarik». Txarrak, berriz, «lasteketa batean fisikoki kalanbreak jota ibiltzea, lasterketari ezin buelta emanik».

Etorkizunera begira, lasterketekin segitzeko asmoa du Cenozek, helburu argi batekin: «noizbait ultra distantziako proba bat egitea dut burutan». Horrez gain, «mendiaz gozatzen segitzea eta edozein kiroletan ibiltzea dira nire asmoak etorkizunerako, horrekin konformatzen naiz!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun