'Ni ez naiz sorgina' Zugarramurditik Logroñorat heldu da

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 20a, 20:00

Zugarramurditik Logroñorat joandako taldea, landatutako sagarrondoaren ondoan.

Asisko Urmenetak zuzendutako dokumentalaren azken zatia grabatzera hainbat zugarramurdiar eta urdazubiar joan ziren Errioxako hiriburura azaroaren 17an eta sagarrondoa ere landatu zuten

Asisko Urmenetak zuzentzen duen Ni ez naiz sorgina dokumentalaren azkeneko zatian parte hartzeko aukera izan zuten herritar batzuk azaroaren 17an: sorgin ehiza sufritu zutenen aldeko omenaldi ttiki bat grabatu zuten dokumentalaren azkeneko zatia bezala, non eta Logroñoko kanpoko aldean dagoen El Campo de los Quemados deitzen den tokian. Lur eremu horretan erre omen zituzten 1610ean Fede Autoan kondenatutako herriko hamaika lagunak.

Sagarrondoa landatu eta sorgin kontuekin sufritu zuten herrietako lurrez estali

Zugarramurdiarrez gain, sorgin kontuekin sufritu zuten bertze herritar batzuk ere baziren (Urdazubi, Bidankoze, Ataun, Hernani, Anotzibar…) Logroñorat joanak. Omenaldian sagarrondo bat landatu zuten, bakoitzaren herriko lurraz estali zuten, eta inguruan ezko-argiak eman zituzten (argizariak). Kanta hunkigarri bat abestuz eta hitz batzuk erranez finitu zuten ekitaldia. Sorgin ehizaren ondotik, 1614an Isiltasun edikto bat argitaratu zen, eta ondorioz kaltetutakoen iritzia isilarazi zuten, ez dakigu zer zioten herritar xume haiek. Gelditu zen kontakizun bakarra gaur egun ezagutzen dugun istorio groteskoak dira: deabrua, akelarrea, hegaldiak…

Sagarrondoa landatzen eta ureztatzen Logroñoko El Campo de los Quemados eremuan.

 

Asisko Urmenetak zuzendutako dokumentala

Ni ez naiz sorgina dokumental honek garai haietako gertakizunei argia eman nahi die nolabait, bi esparrutako hainbat iritzi bilduz, bai arlo akademikokoak, baita alde herrikoikoak ere. Erran bezala, Asisko Urmenetak da gidoiaren eta zuzendaritzaren arduradun; Aitor Karasatorrek egin ditu produkzio lanak Etxegi estudiotik; argitalpena Herrimaren ardura da; eta argitaletxea Erroa. Dokumentala heldu den urteko ekainean estreinatuko dute Auritzen, herri horretan gertaturikoaren 500. urteurrenaren oroimenez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun