Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?
15 urteko mutiko saratarra naiz. Gaur egun Hazparnen elektrizitateari buruzko ikasketan murgildua izan arren, aste tartez pilotan gogor entrenatzen naiz eta asteburuetan partidak izaten ditut.
Zein dira zure zaletasunak?
Hainbat ditut, gehienak kirolaren ingurukoak. Pilotan aritzea eta partidak ikustea maite dut. Horrez gain, futbola segitzea gustatzen zait, bereziki Reala, eta asteburuetan Oihana arrebarekin mendira joatea gustatzen zait.
Nondik heldu zaizu pilota zaletasuna?
Ttikitatik, sei urte nituela aitatxirekin ETB1eko partidak segitzen genituen eta igande goizetan aitarekin frontoira joaten nintzen jokatzera. Erran nezake familiari esker ezagutu dudala pilotaren mundua.
Noiz hasi zinen jokatzen?
Sei urte nituenean Sarako Izarra taldean praktikatzen hasi nintzen.
Zenbatean behin entrenatzen zara?
Astean bi aldiz, hastapenean fisikoa lantzen dugu eta asteazkenetan teknika, hau da, pilota jotzen dugu. Asteburuetan partidak jokatzen ditugu eta horiek gustatzen zaizkit gehien, egiazko lehiakortasuna atzematen baita.
Joko Berri txapelketako gazte maila irabazi zenuen Eneko Marinekin batera…
Partida gogorra izan zen, baina neure burua ongi ikusi nuen, baita Eneko ere. Plazer handia izan da herriko pilotako finala baino lehen partida jokatzea, publikoari ongietorria egiteko.
Maiz aritzen zara Enekorekin?
Aspaldian ez nuen berarekin jokatu, baina umetxoen mailan hainbat txapelketa egin genituen elkarrekin eta plazer handia izaten zen elkarri desafiatzea.
Zein pilotari duzu gustuko?
Erreferentziazko bi pilotari ditut. Ezker paretan Unai Laso, bere eboluzioa urte batean harrigarria izan delako. Trinketean, berriz, Peio Larralde, bere maila erregularra izan delako hainbat urtez.
Amets bat?
Pilotan hobetzea eta profesionalizatzea, Iparraldean profesional izan nahiko nuke.
Zure asmoak epe motzera?
Ahal bada, orain hasiko dugun torneoan txapeldun izatea.
Eta epe luzera?
Espero dut eskuko min handirik ez izatea, eta maila gorenetan aritzea.