‘Elgarrekin’ lemapean eginen den 2025eko Herri Urrats aurkeztu du dagoeneko Seaskak

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 6a, 20:00

2025eko Herri Urrats aurkeztu zuen Seaskak asteartean Baionan. 'Elgarrekin' goiburupean ospatuko maiatzaren 11n Senperen.

Senpereko kolegioaren bigarren zatia finantzatzeko ez ezik, berriki sute batek kiskali duen Donamartiriko Arberoa ikastola laguntzeko ere erabiliko ditu Seaskak Herri Urratsen irabaziak

Elgarrekin goiburuarekin aurkeztu dute 42. Herri Urrats, «egungo jendarte indibidualistari aurre eginez, elgarrekin egitearen eta elgarrekin egotearen aldeko apustua egiten dugulako». Honela azaldu dute antolatzaileek azaroaren 5ean, normalean baino goizago aurkeztutako edizioa. Oraingoan ere antolaketari «gogo handiz eta indarrez» ekin diotela zehaztu du Koldo Rodriguez Herri Urratsen koordinatzaileak. Betiko hitzordua berritu du: 2025eko maiatzaren 11n, igandearekin, Senpereko aintziran, «Seaskari sostengua eman eta euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko».

Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak azaldu zuenez, prentsaurrekoa prestatzeko bezperan izan zuten Donamartiriko Arberoa ikastolako ezbeharraren berri. «Zorionez, gauez eta bakantzetan gertatu da eta kalte materialak baizik ez dira izan. Kalte materialak, baina, izugarriak izan dira», zehaztu du. Zehazki, bi ikasgela, irakasleen bulegoa, bilkura gela eta aterpea kiskali dira, 200 metro koadro baino gehiago.

Aseguru etxeak jakinarazi dienez, eraikina bota eta zerotik eraikitzekoa litzateke. «Kolpea izugarria da, espero dugu asurantzak parte on bat bere gain hartuko duela, baina beste zati handi bat gure gain izanen da eraikuntzan, eta zer erranik ez barneko material horretan». Horregatik, 2025eko Herri Urrats, Senpereko kolegioaren bigarren zatia finantzatzeko ez ezik, Donamartiriko ikastola laguntzeko ere izanen da.

Heldu den ikasturtean hirugarreneko ikasleei harrera egin nahi diote Senpereko kolegioan. Hastapeneko 81 ikasleetatik (seigarren eta bosgarren mailetan), aurten 131 ikasle izatera pasa dira (laugarrenekoak gehiturik) eta heldu den urtean 180 ikasle inguru lirateke.

 

Erlea logotipoan eta Duplaren kantua

Erle beltza hautatu dute aurten Herri Urratsen logoaren protagonista gisa: «20.000 erle espezie omen daude munduan, eta horien artean gure-gurea dugu erle beltza. Erleek elkarrekin egiten dute lan eta komunitatean bizi dira; hori dela-eta, oso ondo irudikatzen du leloarekin esan nahi duguna».
Dupla taldea arduratuko da aurtengo ediziorako kantua egiteaz. «Duplaren Iparraldeko lehen kontzertua Herri Urratsen izan zen, eta ordutik ia besta eta jaialdi guzietan izan dira», azaldu dute Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko besta nagusiaren antolatzaileek. Martxo hastapenean aurkeztuko dituzte kantu zein bideoklipa.

 

Maketa lehiaketa eta bertze zenbat ekimen

Joan zen edizioan lehen aldiz maketa lehiaketa antolatu zuten, «inork espero ez zuen parte hartzearekin». Horregatik, aurten bigarren edizioa antolatu dute. Euskaraz kantatzen duten taldeek gehienez hiru abesti helarazi ditzakete, Wetransfer plataformaren bidez, herriurrats@ikastola.eus helbidera. Kantuekin batera, dokumentu batean taldearen izena, jatorria, taldearen sinopsia eta kontaktua igorri behar dira.

Lanak aurkezteko epea abenduaren 3tik ilbeltzaren 3ra irekiko da. irabazleak martxoan janaraziko dituzte. Saria berriz ere Herri Urratsen kontzertua eskaintzea izanen da.

Horretaz gain, Herri Urrats zozketa, webgunea martxan ezartzea materiala erosi ahal izateko, bertso-saioa, eta Go!azen telesailaren 11. denboraldiko azken atalaren aurre-estreinaldia, Donibane Lohizuneko Le Select zinema gelan izanen dituzte, bertzeak bertze.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun