Biok taldeko Zaporeak Gourmand Experience gune gastronomikoaren aurkezpen ofiziala egin dute azaroaren 5ean Dantxarinean. Azaroko lehen asteburuan egindako Zaporeen Besta bereziaren ondotik egin dute aurkezpena, bezero, laguntzaile, hornitzaile eta erakunde instituzionaletako ordezkariekin batera.
Azaroaren 1ean eta 2an, mila bat lagunek izan dute Zaporeak ezagutzeko aukera, Santu Guztietako zubia aprobetxatuz. Kobeko wagyu haragia, eztiak, marmeladak, olioak, urre txokolatea, artisau garagardoak eta hainbat jatorri izendapeneko ardo dastatzeko aukera izan zuten, hamabortz dastatze esperientzia baino gehiago. Horretaz gain, urdaiazpiko iberikoak, ardoak, olioak eta Zaporeak gourmet produktuen zozketak egin zituzten.
Aurkezpen ofiziala azaroaren 5ean
Asteburuko bestaren ondotik, azaroaren 5ean, asteartean, egin zuten Zaporeak gune gastronomikoaren aurkezpen ofiziala. Biok Taldeak 47 urtez egin duen ibilbidea azaldu zuen Roberto Ramos Zuzendari Nagusiak eta Zaporeak «4.0 turismoarekin» lotu zuen, «turistak bisitatzen duen inguruan egiazko murgilketa eta esperientzien egiazkotasuna» bilatzen duena.
Aurkezpen ekitaldian izan ziren Jose Mari Aierdi, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria, Iñaki Ariztia Urdazubiko alkatea eta bertze hainbat ordezkari.
Jose Mari Aierdi kontseilariak aipatu zuenez, «Zaporeak bezalako ekimen batek produktuaren tradizioa eta modernitatea uztartzen laguntzen du», produktuaren eta bere inguruaren identitate ezaugarriak indartzen dituelako, aurkezpen ezagunagoa eta erakargarriagoa lortuz. Elikadura produktua bere ingurune natural eta kulturalarekin lotzea, naturaltasunez garatzen den eremu horrekin, hain zuzen ere, bere produktuak ingurunera egokitzean, balio erantsi hori eta garapen orekatu eta jasangarri hori eskain baititzakegu.