Dantxarineko Pintxoaren hamabortzaldiko irabazleak jakinarazi dituzte

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 5a, 18:00

Dantxarineko pintxo lehiaketako epaimahaia eta antolatzaileak.

Paco Benta (epaimahaiaren saria), Drunken Duck (QR aplikazioaren bidez) eta Landibar (Facebook bidez) izan dira pintxo lehiaketako saridunak

Dantxarineko Pintxoaren Hamabortzaldiko hamaikagarren edizioko saridunak ezagutzera eman dituzte Dantxarineko bentek azaroaren 3an. Dantxarinea bentak 2024ko edizio honetako txapelduna aldarrikatu zuten. Epaimahai ofizialaren arabera, irabazlea Paco Bentako David Vidaurre sukaldaria  izan da, Busti Borrego pintxoarekin: Arkume-txistorra, kuskusezko ohe gainean, karamelatutako tipula gorria eta Korintoko mahaspasarekin.

Gregory Córdoba (Donibaneko Paella del Sol jatetxeko sukaldaria), Luken Vigo (Iruñeko Baserriberri jatetxeko sukaldaria), Catherine Marchand (La Semaine du Pays Basque aldizkariko kazetari gastronomikoa),  Santiago Villares Urdazubi alkate ohia eta Txomin Iribarren Dantxarineko Merkatari eta jatetxeetako elkarteko lehendakaria izan dira epaimahai kide.

Paco Bentako David Vidaurrek prestatutako 'Busti Borrego' pintxoak irabazi du aurten lehiaketa.

Bertzalde, Axular salmentako Drunken Duck jatetxeak QR aplikazioaren bidez botoa eman dutenen saria lortu zuen Talokume pintxoarekin: arkume-taloa, tipula karamelizatuarekin. Saria Xabi Mendikoa Biok taldeko Ostalaritza arduradunak eta Drunken Duck jatetxeko Mikel Galardik jaso zuten.

Xabi Mendikoa eta Mikel Galardi, Txomin Iribarrenekin batera, QR bidez botoa eman dutenen saria hartzen.

Horrez gain, Facebook-eko bozketaren araberako publikoaren saria Landibar Julen Zubieta sukaldariaren Saihets trifasikoa pintxoak eskuratu du: arkume-saiheskia, tipula frijituaren gainean betea.

Mutrikuko Haitzalde landetxean bi pertsonentzako asteburua ere zozketatu zen, parte hartzen zuten bentetan paratutako QR kodeetan botoa eman zutenen artean eta otordua, berriz, Facebooken bidez benta irabazlea bozkatu zutenen artean zozketako irabazlearentzat.

Ekitaldiaren amaieran hurrengo ediziorako nahitaezko bi osagaiak zein izanen diren erabaki zen: ehiza eta gaztaina.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun