Pilota elkarteen bozen % 95arekin hautatua izan da Errandonea. Azken urteetako lanarekin segi eta bertze zenbait eginbeharrei lotzeko gogoekin da saratarra.
Zortzi urtez idazkari izan zara Iparraldeko Pilota Batzordean eta orain presidente… Zein asmorekin hartu duzu ardura berria?
Orain arte egin den lanarekin segitu nahi dut hurrengo lau urteetan. 2017an garapen plana ezarri genuenean, hogei urteko plana zela kalkulatu genuen. Erran nahi du, zazpi urteko haur batekin hasten ginen eta 27 urte bete arte behar genuen segitu. Belaunaldi bat segitu behar genuen, nahiz eta bertze batzuk gehitzen diren ondotik. Lan azkarra eman dugu esku huska eta xistera-joko garbian… Gelditzen zaizkigu pala, xarea eta zesta punta. Hor ez dugu, baitezpada, joko horientzat garapen plana egina. Xarekoa aurten egin nahi dugu eta palakoa 2025 edo 2026an. Horiek denak landu behar ditugu eta plan orokor horretan bada zer egin. Lehiaketak, txapelketak eta formakuntzak aparte utzita, Iparraldeko pilota munduko giroan tentsio anitz bada. Azken 30 urteotan Iparraldeko pilota ez da kudeatua izan, ez da atxikia izan, nahi zuenak nahi zuena egiten zuen. Hein batean, gauzak sobera urrun joan dira. Batzuk bere elkarteak egin dituzte, pilotariak hartu dituzte, nahiz eta ez zuten libro, bere lehiaketak antolatu… Libertate handia utzi da eta hori hedatu da. Hori behar litaike berriz jendea mahai inguruan elkartu, tentsioak goxatu eta erran badela, Frantziako Kirol Ministeriotik heldu den lege bat, horrek delegazioa ematen diola Frantziako Pilota Federazioari eta honek bere batzorde eta ligei ematen diela txapelketak antolatzeko eskumena eta jendeak behar du bide hori segitu. Zaila izanen da, dudarik gabe, baina erronka bat da.
22 pilota elkartetako 32 kidek osatzen dute zure lan-taldea… Sustengu handia sumatu duzu Euskal Herriko pilota elkarteen aldetik?
Sustengua badut bai, dudarik ez da. Sustengua badut diskurtso ezberdina dudalako. Ez naiz pilota mundukoa eta gauza batzuk erraten ahal ditut… ‘Honek ez du ezagutzen!’ erranen dute, baina nire erranak erranak dira. Mintzatzeko libertate hori badut. Zortzi urtez egon naiz idazkari eta konfiantza eta harremana egin dut pilota elkarteekin.
Zein egoeratan ikusten duzu pilota Iparraldean? Zertan dago osasuntsu eta zertan hobetu beharko luke?
Iparraldekoa da Frantziako batzorderik handiena, 15.000 inguru lizentzietatik 6.000 Iparraldean ditugu, 60 pilota elkartetan. Azken hiru urtetan 5.200 lizentzia izatetik 6.000 izatera pasatu gara, salto handia egin dugu. Hori, landu dugun garapen planaren ondorio da. 2017an hasi ginen, hautu bat egin zen, ttikien alde, haurren alde, garapenaren alde, pedagogiaren alde eta ez hainbertze elitismoaren alde. Oinarria berreraiki behar dugu eta ez hainbertze emaitzei behatu. Nahiko arazo baziren pilotaren munduan. Beharbada palaz ari dira gehienak. Hemen kulturalki, goma betea da gehiengo nagusia. Argentinatik heldu den goma hutsarekin ere gero eta gehiago ari dira. Hor izan dugu sorpresa handi bat aurten. Goma betean, emazteen 252 talde izan ditugu eta 250 gizon talde. Hori marka bat da, guretzat biziki inportantea! Eta gero, esku huska ere aunitz ari dira. Beharbada joko errazenak dira, joko garbi eta xare eta xistera izugarri zailak dira! Hemen ez da sasoinik, urte osoan aritzen dira, uda garaian plaza librean, kanpoan, negu partean trinketean, barrenean… Beharbada trinketean pixka bat gehiago. Udan zailagoa da beharbada, lanarengatik, oporrengatik… uda motza izaten dugu hemen gainera!
«5.200 lizentzia izatetik 6.000 izatera pasatu hara hiru urtez»
Herrialdeka, bada alderik Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoko pilotaren egoeraren artean?
Iduritzen zait Lapurdi izanen dela lizentzia gehien izanen dituena, baina halere, talderik handienak Nafarroa Beherean ditugu. Baigorriko Zaharrer Segi elkartean, gaurko egunean 310 bat lizentziadun dituzte eta bertze 40-50 haur gehiago oraindik lizentziarik ez dutenak, hori erraldoia da. Donibane Garaziko Goizeko Izarrak 200 aisa pasatuak… Iholdiko Denek Bat… barreneko alde horretan badira talde handiak. Hemen, Donibane Lohizuneko Luzean eta Baionako Aviron Bayonnais, talde handiak dira. Sarako Izarran 120 bat lizentzia izanen dira.
Iparraldean esku huskako sailean tentsioa bizi dela aipatu duzu. Zergatik? Zein da egoera eta, zure idurikoz, zer egin beharko litzateke egoera hori bere onera ekartzeko?
Diru boterea nagusitu zaio orain kirolari, dirua sartu da eta dirua behar da elkarteak eta federazioak sustengatzeko, baina diru horrek alde txarrak ere ekartzen ditu. Goi mailako esku huskako pilotan, baita zesta puntan ere, diru horrek ez du giro ona eraiki. Guk beti erraten dugu afizionatu edo amateur maila gauza bat dela eta profesionala bertze zerbait dela. Hegoaldean dugu adibidea: esku pilotan edo erremontean enpresak egin dituzte, badira zuzendariak, langileak, eta pilotariak kontratatzen dituzte eta ordaintzen dituzte kontratuaren arabera. Hori argi da. Hemen, aldiz, amateur mundua da, amateur batzuk profesional goi mailako estatutua dute eta hor sartzen da dirua, Normala da, baina goi mailako pilotariekin. Baina bertze amateurrak eta gazteak bide horretan hastea… Behar da garbi utzi! Hori da gure arazoa eta ez da irakurketa erraza. Hegoaldearekin konparatuz modalitate aunitz baditugu, luzean, joko garbi, xistera,xare, zesta-punta, esku-huska, pala goma pilota betearekin eta pilota hutsarekin, plaza libroa eta trinketea… orain frontenis eta frontball sartzen ari dira… 22-24 modalitate badira. Hori antolatzeko, Iparraldeko Pilota Batzordean baditugu 130 bat txapelketa, maila guztietan, heldu da 8.000 partida sasoi batean. Hori kudeatzeko antolakuntza handia behar da, sistema erraldoia da eta jendea behar da. Guri Frantziako Federazioak ematen digu boterea gure lurraldean txapelketak antolatzeko eta behar ditugu eskaini maila guztietan, adin guztietan eta, ahal bada, joko guztietan. Hori da lanik handiena.
«Oinarria berreraiki behar dugu eta ez hainbertze emaitzei behatu»
Azken urteetan eskoletan pilota sartzeko lan handia egin duzue…
Iparraldeko Pilota Batzordeak egin ditu joan den urtean ehun urte eta ni 2016an sartu nintzen, esku huskako batzordean, xume-xume, ez nuen pilota mundua ezagutzen, pilota plaza ondoan bizi naiz, lagunartean jokatu dut, baina ez naiz pilotaria izan. Egun berean idazkari izendatu ninduten, nik ez dut horren beldurrik, horrelakoak egin baititut lehenik. Sartu ginelarik bi langile bakarrik ziren, bi zutabe, Iparraldeko pilota amateurra atxikitzen duten bi emakume, dena badakite eta sistema ulertzeko izugarri lagundu naute. Baitezpada ez bainaiz pilotaria, kanpoko begiradarekin ikusi dut, batetik, filosofian badela gibeleratze handia. 2016an, pilota amateurrak funtzionatzen zuen duela 40 urte bezala, ez zen garapenik izan, ez zen aldaketarik izan… Giroa, funtzionamendua, lan egiteko moduak, berdin-berdinak ziren, lehenagoko modukoak ziren. Iparraldean, bertze jokoetan, eskubaloian, saskibaloian, errugbian, futbolean, surfean… aldaketak egin zituzten, modernizatu ziren. Ikusi genuen pilotan lizentziadun kopurua ari zela ttikitzen eta haurrak bertze kirol horietara jotzen zutela. ‘Horrela ez dugu segitzen ahal, ttikitzen ari gara eta hiltzera goaz!’ pentsatu nuen. Gogoeta bat egin genuen, nola garatu, nola bultzada berri bat eman pilotari… Pilota munduak beti badu harrotasun hori, handi du handia izan, ederra, azkarra, txapeldun izan… Txapeldunak ditu ateak irekiak, ez bazara txapeldun, kanpo! Nire ustez, elitismo hori federazioak behar du, Frantziako selekzioa osatzeko berak behar ditu pilotari onenak bildu eta landu, berak du izpiritu hori. Eta guk oinarria berreraiki behar dugu. Nik proposatu nuen pilota berriz sar zedin eskoletan, ama eskoletan gutti aritzen da, ainitzetan debekatua, min hartzen ahal dutela, zerbait hautsi…2017 hastapenean, gogoeta horrekin batera sortu zen Herrigune Elkargoa eta harremanean sartu ginen segidan. Auzapez batzuk ezagutzen nituen eta bildu ginen, erran nien pilota garatu nahi genuela, iragana ez ahantzi baina bazterrean utzi eta berritasun bat ekarri. Hori egiteko zuen sustengua behar dugu. Erantzuna izan zen beraiek ezin zutela kirola diruz lagundu, kirol ainitz bazirela hemen eta denak ezin zituztela diruz lagundu. Erantzun nien pilota ez dela kirola, ondare bat da, kultura… mendeak eta mendeak ditu hemen sartua, denak izan gara pilotari edo baditugu pilotariak inguruan, herri guztietan dugu pilota plaza bat edo trinkete bat, partidak ikusi ditugu. Euskal Herriko biztanle guztiek badute lotura bat pilotarekin, hori kulturan eta ondarean sartua da eta bide horretatik sartu nahi genuke Herrigune Elkargoan. Onartua izan da eta pilota nahi izan dugu pilota berriz sartu ama eskoletan. Horregatik behar ditugu pilota hezitzaileak eta eskatzen dugu diru laguntza lanpostu bat egiteko. Segidan ulertu dute eta egin dute. Diru pixka bat eman ziguten eta lehen lanpostua ezarri dugu 2018an Xuberoan. Han arazo handia zen, bi elkarte bakarrik ziren, lehenago potoloak zirenak eta arrunt ttikitu zirenak, kasik hilak.
«Gure kultura eta ondare den aldetik sartu da pilota ama eskolan eta haurrek gustua hartu diote pilotari»
Eta hezitzaile horrek zer lan egin du?
Hezitzailea harremanean sartu da eskola publiko, pribatu eta ikastolekin eta onartua izan da. Eskoletan sartu da, metodologia bat landu du… Bere egutegia bete da baina galdea heldu zen oraino. Berriz ere galdegin genuen dirua Herrigune Elkargoan bigarren hezitzaile bat hartzeko eta bi horiek kudeatzeko bertze pertsona bat hartu zen, garapen kargudun bat, egutegiak finkatzeko, eskolekin harremanean jartzeko… Baina galdea bazen eta hirugarren hezitzailea ere hartu dugu. Horren inguruan, bertze ardatz bat, komunikazioa bultzatu dugu. lehen ez zen deus egiten eta guk egin dugu Facebook, Instagram, Twitter, TikTok, posta elektronikoaren bidez gutun bat hamabortz egun guziz igortzen dugu… orain komunikazio kargudun bat badugu. 2017an hasi den garapen hori hor ikusten da, bi langile izatetik zazpi izatera pasatu gara. Pilota hezitzailea joaten da eskoletara, oporren artean, sei astetan, astean behin edo bitan eta egiten dute esku huska, pala, xare eta xistera: jostatzeak ttikiekin, jokoak, pilota zer den ikasi. Lehen urtea eta bigarren urtea ongi, egin ditugu ekintzak. Topaketak, Olinpiadak… laugarren urtean sentitu dugu, pixkanaka-pixkanaka pilota elkartean lizentziadun kopurua ari zela igotzen. 2020an ginen eta hiru urtez 800 lizentziadun gehiago ditugu. Haurrek pilotari gustua hartu diote eskolan eta gero pilota elkartera joan da. Gero, pilota elkartearen filosofia behar zen aldatu. Gehienetan gurasoek erraten zuten bere haurra esku huska aritzea nahi zuela, edo xisteran… eta haurra joaten zen xistera eskolara edo esku huskako eskolara, ez zuen bertzerik ikusten. Hori gustuko ez bazuen, edo eskuko mina bazuen futbolera edo errugbira joaten zen. Guk multidisziplina ezarri dugu. Elkarte batean badituzu hiru joko, eta haurrak hastapenean egiten ditu hiru jokoak, berak egiten du hautua zer/non jokatuko duen, Ez du gurasoak inposatzen. Pixkanaka horregatik ere igo da lizentziadun kopurua: haurrak ez badu esku huska maite, xarea entsegatuko du, edo zesta punta… Bertze kiroletara eskapatu ordez, atxiki dugu haurra pilota inguruan, ez bada batean bertzean ari da.
«24 modalitatetan 130 txapelketa ditugu, sasoian 8.000 partida»
Beraz, ttikienen txapelketa horiek kentzeko hautua egin duzue?
Iparraldeko Pilota Batzordeak bertze lanketa bat egin du pilota elkarteekin. Guk ez dugu nahi haur ttikiak txapelketan ematea. Zortzi urteko haurra txapelketan ematen duzu, zer pasatzen da? Haurra txuriz, jadanik presioa badu, irabazi behar du, aita-ama, aitatxi-amatxi, osaba-izebak… familia guztia heldu zaio, bera bakarrik edo lagun batekin… presio erraldoia da. Eta bada bertze gauza bat min handia egiten duena, trinketea: neurri berdinak ditu profesionaletan txapeldun den Luis Sanchezentzat edo 8 urteko xito hasi berriarentzat. Haurra biziki kontestu ezkorrean ematen duzu, zer nahi duzu haurrak egitea presio horrekin? Dramak ikusi ditugu: haurrak negarrez, gurasoak zainetan emanak, tentsio handiak… Guk txapelketa horiek kendu ditugu, zaila da, arduradunek txapelketak maite dituzte… Iparraldeko elkarte guztiak izanak dira Iparraldeko txapeldun, maila batean edo joko batean ez bada, bertzean, historian behin bederen. Baina beti behar dute gehiago. Beraien egoitzetan, badituzte bortz metro luze eta hiru metro altuerako mobleak, kopaz beteak… Ez dakit zertarako, hautsa bertzerik ez da! Hasiak gara txapelketen ordez topaketak egiten. Zaila da. Nire lehen urtean erran nuen eta denetarik aditu behar izan nuen. Punpa ttiki izeneko dispositiboa ezarri dugu esku huska, ez dugu deus asmatu. Lehen Hardoitarrak elkartean egin zuten, Hendaiarrak elkarteak ere… baina guk egin dugu Iparralde guztiarentzat. Entrenamenduak egiten dituzte hilabete guztian, inguruko herrietakoak bilduz, eta azken asteburuan topaketa bat. Bortz hilabeteren buruan topaketa orokorra, Iparralde osokoa. 180 haur bildu dira, esku huska bakarrik, 8-9 urtekoak, Biarritzeko Jai Alaien. Sei hilabete lehenago ez ziren guztiak pilotan ari, eta sei hilabete horietan aritu dira lagunarteko jostetan, pilotan, ez zuten presiorik, ez zen txapelketa bat, ez zen irabazi behar… beraiek kudeatzen dute, beraiek epaitzen dute… Lehen txapeldun bat behar zen izan, dena lehiaketa zen hemen. Belaunaldi zaharra da hori erraten zuena. Orain elkarteetan lanera arduradun sartzen diren gazteak pedagogia mundukoak dira gehiago, Irekidura bat bada hor. Ni sartu nintzenean, Iparraldeko Pilota Batzordearen aktibitatearen %90a lehiaketak eta txapelketak antolatzea zen. Gaurko egunean, erranen nuke %60a hartzen dutela txapelketek, %40a pedagogia, formakuntza… da. Hori aldatzen ari da. Iparraldeko Pilota Batzordeko lehendakari zarelarik, baduzu rol berezi bat… nahitaez zure arduraduna da Frantziako Federazioa, nahitaez segitu behar duzu Frantziako Federazioak garatzen duen politika segitu zure lurraldean… Gure lana da ahalik eta pilotari onenak prestatzea da, Federazioak hauta ditzan.
«Amateur maila gauza bat da eta profesionala bertze zerbait»
Hauteskunde garaia hasi bertzerik ez da egin… Iparraldeko Pilota Batzordearena egin duzue, eta ondotik datoz, 64 departamentukoa, Akitania Berrikoa, Frantziakoa… koxkaz koxka… Zer espero duzu?
Urte olinpikoetan egiten dira hauteskundeak eta gure kasuan, lau neurri badira: lehenik Iparraldeko Pilota Batzordearena egin genuen irailaren 14an; gero, Biarno ere barne hartuta, 64 departamentukoak izanen dira urrian, gero Akitania Berrikoa azaroan eta, azkenik, Frantziako Federaziokoa, abenduan. Horretarako aurpegi berriak behar dira, Iparraldean berritu dugu eta bertzeetan ere, agian bai. 2020an-202an hasita, bada belaunaldi berri bat pilota munduan sartzen ari dena, pilota elkarteetako arduradun, baita emazteak ere lehendakaritza hartzen. Gero badira, halere, 70-75-80 urteko arduradunak eta horiek dute konzientzian lehengo pilota. Nik errespetatzen dut hori, ez dut horren kontra deus, baina arazoa da gure haurrek duten gizartea gaur, ez dela nirea ezta 80 urteko gizon batena ere. Horiek duten sistema edo ingurumen hori arrunt desberdina da eta ez dute horiek gure sistemara moldatu behar, baina gure sistema haur horiei moldatu. Horretarako irekidura eta jakintasun bat behar duzu eta hori belaunaldi gazteek dute. Frantziako Federazioko arduraduna zarelarik, eta gauza bat proposatzen duzunean, nahiz eta badakizun ez duzula ongi egiten, ‘horrela da eta horrela behar du, nik nahi dutelakotz’ erranez…Pilota munduak horrela funtzionatu du, arduradun batek egiten zuen berak pertsonalki nahi zuen bezala, ez zuen baitezpada egiten bere zuzendari batzordeak erraten zuena, ‘ni naiz nagusi eta nik egiten dut’. Garayar lehendakari egon den hamabi urteetan, ez frontenisa ez frontballa, ez zuen nahi… bere erabakia zen eta traba eman dio. Nik, frontball eta frontenisa landu nahi ditut, baina nire zuzendaritza batzordeari galde eginen diot, erabakiak partekatuko ditugu. Gazteak ditugu inguruan eta horiek ardura badutela senti dezaten nahi dut.
Emazteen pilota ere gero eta indar handiagoa hartzen ari da… Iparraldean zertan da egoera?
Ez gara konparatzen ahal Hegoaldearekin. Bada dirua sartua, Master Cup eta Ados eta lanean ari dira, lan erraldoia egin dute. Hemen neska ttikiekin hasten gara eta pilota eskoletan mutikoekin batera ari dira. Orain arte, Frantziako Federazioan ez zen libro neskak mutikoekin aritzea txapelketa batean, aldiz Iparraldean libro da. Pilota eskoletan badira neska ttikiak mutikoekin ari direnak, pilota goxoarekin, esku huska. Haien arteko topaketa bat egin nahi dugu eta horrek emanen dio bultzada berri bat, ez da dudarik. Palan ere anitz ari dira. Pasa den urtean joko garbi topaketa egin genuen eta 12-14 urteko bederatzi neska etorri ziren, gogotik ari direnak, maite dutenak… Horiek ere bultzada berri bat behar dute. Zesta puntan ere ari dira gazteak eta Iparraldeko Pilota Batzorde bezala sustengua eman behar diegu, topaketak antolatuz, izan dezatela elkarren artean jokatzeko aukera, ez bakarrik mutikoen kontra. Hori dena landua izanen da eta inportantea da.
«Mugaz gaindiko Iruhbi Pilota proiektua lantzen eta garatzen ari gara»
Henri ERRANDONEA IPARRALDEKO PILOTA BATZORDEKO LEHENDAKARIA
Esku huska ezker paretean da Iparraldean guttien praktikatzen den modalitatea. Ania Oronoz saratarra eta Marie Goienetxe senpertarra Emakume Master Cup zirkuituan aritu ziren iaz, baina zail ikusten du Errandoneak, Garai batean bezala, Lekuineko Xala edo Azkaineko Gonzalez bezalako ezker paretako pilotari profesionalak ikustea frontoietan. «2016an baziren esku huskako txapelketak plazan, trinketean eta ezker paretan…baina ezker paretan eta plazan aldi berean egiten ziren. Orduan, hauta egin behar zen eta elkarte eta haur gehienek plazara nahi zuten joan, kulturalki, plaza baita hemen. Ezker paretan gutti aritzen ziren eta, gainetik, ez ziren ezker paretako pilotarekin aritzen. Ez zen batere ezker paretako jokoa, nahi baduzu pilota plazako jokoa leihorrean zen. Orduan hartu genuen erabakia: geldi! Baina, halere, entsegatu ginen topaketak antolatzen Miarritzen, baziren entrenatzaileak ezker paretako pilotariak izanak zirenak, txapeldun izanak zirenak, teknika ezagutzen zutenak. Hogei bat haur etorri ziren lehenik, gero hamabost, hamahiru, hamar… eta gero, pum! Itzali zen. Aldiz, igande guziz, pilota mundu guziak Euskal Telebista begiratzen du, hemen denek Altuna ezagutzen dute, denek segitzen dute, baina jokatzeko mementuan ez da nehor. 7-8 urteko haurrentzako Punpa ttiki hori ezker paretetan ere egiten da, horren garapena izan daiteke Punpa ttiki handi nahi baduzu, ezker paretan, baina plazara edo trinketera ere pasatuz. Lan hori egin behar dugu pixkanaka…».
Iparraldeko Pilota Batzordea harremanean da Hegoaldeko (Nafarroa eta Euskadi) Federazioekin?
Iruñea, pilotaren nazioarteko hiriburua izan dadin proiektu bat bada. Proiektu horren barrenean, pilotaren munduan gauza pila bat nahi dituzte garatu Nafarroa osoan. Parte hartzaile dira Iruñeko Herriko Etxea, Nafarroako Pilota Federazioa eta Uharteko Herriko Etxea, zeren Uharten duten Euskal Jai pilotalekua eta nahi dute berritu eta zesta punta eman barnean. Lan horiek eman gehi Iruñean erakustoki bat egin gehi munduko kongresu bat gehi Nafarroa osoko garapen bat… Hori egiteko diru laguntzak eskatu dituzte Europan eta laguntza hori lortzeko behar dute elkarlan bat eman Iparraldearekin. Harremanak izan dira eta Nafarroako Pilota Federazioak deitu nau erranez, behar dutela partaide bat atzeman Iparraldean. Beraz, proiektu honetan hiru partaide sartu gara: Iparraldeko Pilota Batzordea, Miarritzeko Herriko Etxea eta Miarritzeko BAC (Biarritz Athletic Club) elkartea, gehien bat zesta puntan ari dena. Zesta punta garatzea da ardatza. Pasa den urteko apiril-maiatzean bilerak egin genituen Iruñean, txosten bat egin da… diru laguntza lortzea inportantea da, 3,5 milioi euroko aurrekontua baita eta diru laguntzak 2,3 milioikoak. Partaide bakoitzak bere proiektuak aurkeztu ditu, denak batera eman eta POCTEFA deialdiari lotu zaio. Lortu da dirua, abenduan jakin dugu.
«Xaretako pilotarien arteko lotura azkartzen entsegatuko gara»
Eta zer egiteko asmoa duzue?
Asmatu diren proiektu horiek guztiak behar dira orain antolatu eta 2027ra arteko epea bada horretarako. Iruñean hasiak dira jadanik, pilotari buruzko erakustokia eraikitzeko lurra atzeman dute, proiektuak lantzen ari dira eta gu ere ari gara gure aldetik. Iparraldeko Pilota Batzordeak topaketak proposatu ditu, adibidez Xuberoako pilota elkarteen eta inguruko Nafarroako elkarteen artekoak, Baigorri eta Esteribar, Iholdiko Denek Bat eta Agoitz… horiek jadanik badituzte loturak eta gure inguruan, Xaretakoak zerbait egiteko asmoa dugu, hau da, Sara, Ainhoa, Zugarramurdi eta Urdazubikoak zerbait egiten entsegatuko gara. Nafarroa eta Iparraldeko pilota elkarteen arteko lotura horiek azkartzea interesatzen zaigu. Sharea garatzeko proiektua badugu. Xarean azkarrak gara hemen, badakigu Nafarroan ere badirela zenbait elkarte jokatzen dutenak: Auñamendi, Plazaola… Topaketaren bat nahi genuke egin, elkarlana azkartzeko, horrelako gauak. Mugaz gaindiko proiektu polita izan daiteke.
Mendeurrenaren harira “nazioarteko” lehiaketa ere antolatu zenuten…
2022an ehun urte bete ditugu eta lehiaketa egin genuen Hazparnen trinketean eta Miarritzen Jai Alaien. Gonbidatu genituen Euskadiko selekzioa, Nafarroako selekzioa eta Frantziako selekzioa eta guk Iparraldekoa egin genuen. Eta neskekin lehiatu ginen trinketeko joko guztietan. Abenduan izan zen, lau-bortz egunez, eta gure arteko mundial ttiki bat izan zen. Duela hilabete pare bat, Gotzon Enbil, Euskadiko Federazioko lehendakariak erran nau aurten horrelako zerbait eginen dutela Euskadin urte bukaeran, Abadiñon-Durangon (Bizkaia). Nafarroako Federazioko Javier Conderi erran diot 2026an Nafarroan egin behar dugula, horrela, bi urte guziz, lurraldez lurralde egiteko. Iruhbi proiektu horretan, Nafarroako Federazioari ongi letorkioke horrelako zerbait antolatzea. Guk egin genuen 2022an eta ez zuten ukatu. Federazio handi horien artean, nazioarteko federazioa, Espainiako Federazioa, Frantziako Federazioa, badira tentsio handiak, ez dute elkar aditzen, beti kalapitan. ‘Horien ondotik ibiltzen bagara, ez gara hemendik aterako, egin dezagun guk gurea!’ hala erran nuen nik. Baimena eskatu genion nazioarteko federazioari topaketa hori egiteko baimena, Espainiako Federazioko Angulo lehendakariari galdetu genion ea Euskadiri eta Nafarroari galdetzen ahal genien beraien selekzioekin lehiatzeko eta idatzi zuen baietz. Deitu genituen eta etorri ziren. Gauza xumeak dira, baina interesgarriak.