Dantxarineko Pintxoaren 11. Hamabostaldia dagoeneko martxan da

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 18a, 16:00

Pantxo Bentako Elena Iribarrenek irabazi zuen iaz epaimahaiaren saria.

Azaroaren 2ra arte beraien pintxo onenak eskainiko dituzte zortzi bentatan, bildotsa eta tipula erabiliz

Dantxarineko 11. Pintxoaren Hamabostaldia eginen dute urriaren 19tik azaroaren 2ra. Hamabortz egunez, Dantxarineko zortzi bentatako jatetxeek bereziki eginen dituzten pintxoak eskainiko dituzte. Aurten, berritasun gisara, sukaldariek bi produktu erabili behar dituzte: Bildotsa eta tipula.

2024ko edizio honetan parte hartu duten bentak hauek dira:

  • Pantxo Benta: Arkume albondiga sasoiko barazki kremarekin.
  • Landibar Benta: Saihets trifasikoa, arkume saiheskia, tipula frijituaren gainean betea.
  • Peio Benta: Bildots-burger txikia, tipula uztaiekin eta kebab saltsarekin brioche ogian.
  • Zaporeak: Zikiro bao ogian zilantro eta perrexila saltsan, baratxuri beltza eta tipula kurruskaria.
  • Paco Benta: 'Busti Borrego'. Arkume txistorra, kuskusezko ohe gainean, karamelatutako tripula gorria eta Korintoko mahaspasak.
  • Los Rotos: Egiptoko moussaka barazki eta arkumearekin.
  • Biok Snack: Fajita arroza, arkume eta zebitxez betea.
  • Drunken Duck: 'Talokume' arkume taloa, tipula karamelizatuarekin.

Mugaren bi aldeetako sukaldari ospetsuak izanen dira epaimahai eta pintxo onena izendatuko dute azaroaren 3an.

Dantxarineko pintxo onenaren sariaren aukeraketan parte hartzen dutenen artean Mutrikuko Haitzalde Landa-Turismoan bi lagunendako asteburu baten zozketa eginen dute. Parte hartzeko bentetan egonen diren QR kodeak erabili behar dira.

Bertzalde, Urdax-Dantxarinea Facebook orrialdean botoa ematen dutenen artean, jatetxe irabazlean bi pertsonendako bazkaria ere zozketatuko dute. Facebook bidez boto gehien hartzen dituen sukaldariari ere saria emanen zaio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun