Usategietako Igandeak egitarau zabala dakar aurten ere Etxalarrera

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 17a, 13:00

Eguraldiak laguntzen badu, jendetza bilduko da igande goizean Usategietan. Argazkia duela hamar urtekoa da.

Larunbatean mus eta patata tortilla txapelketak jokatuko dituzte eta igande arratsaldean musika izanen da herrian

Urriko hirugarren igandea seinalatua izaten da Etxalarren, Usategietako Igandea. Eguraldiak laguntzen badu, igande goizean Usategietara bisita egiteko aprobetxatuko dute aunitzek, baina larunbatean eta igande arratsaldean ere, bertze hainbat ekitaldi prestatu dituzte.

Etxalarko Gazteek antolatutako mus txapelketa izanen da urriaren 19an, larunbatean 17:00etan. 16:30etik aitzinera izanen da izen ematea (10 euro bikoteko). Ondotik patata tortilla txapelketa eginen da, bi kategoriatan banatua. Urriaren 16a baino lehen eman beharko dute izena hirukoteek, ostatuetan. Tortilla egiteko beharrezko tresnak talde bakoitzak ekarri beharko ditu (mahaiak jarrita egonen dira). Horrez gain, kontuan hartuko da tortillaren itxura eta apainketa. Ez ahaztu patata, tipula eta arrautza soilik erabili daitezkeela tortilla egiteko orduan. Urriaren 20a izanen da Usategietako Igandea. Urteroko ohiturari segituz, Usategietara bisita egiteko aprobetxatuko dute aunitzek. Eguraldi ona izanez gero, Altxatak talo postua jarriko du Lizarietan. 18:00etatik 21:00etara udalaren eskutik dantzaldia izanen da Modesto akordeoilariarekin eta ostatua, ogitartekoak eta taloak eskainiko ditu Altxatak frontoian. 20:00etan bingoa eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun