‘Miñan’ antzezlanaren aurkezpena egin dute Sarako lezeetan

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 16a, 14:30

Antzezlaneko aktoreak eta zuzendariak, Amets Arzallus 'Miñan' liburuaren idazlearekin eta Battit Laborde Sarako auzapezarekin lezeetako gelan.

Lehen emanaldia Luhuson eskainiko dute ortziralean eta Euskal Herri osoan bira egin ondotik, azkena Saran egin nahi lukete

Miñan antzezlanaren aurkezpena egiteko bilkura antolatua zuen Sarako Mediatekak urriaren 15an Sarako lezeetako gelan. Hor ziren Battite Laborde Sarako auzapeza, Amets Artzallus Miñan liburuaren idazlea, Ander Lipus antzezlanaren zuzendaria eta aktorea, Philippe Ducou koreografiaren egilea eta Sambou Diab, Eihara Irazuzta eta Mikel Kaye aktoreak.

Auzapezak denei ongi etorria egin die, erranez «lehen saratarra hemendik (lezeetatik) atera izanen zela». Guztiak eskertu zituen, bereziki Amets Arzallus, bere lanarengatik eta ongi kokatu delakoz Sarako herrian.

Gero, Artedrama antzerki konpainiako Ander Lipus zuzendariak eman ditu azalpenak. Amets Arzallusek duela urte batzuk idatzi zuen Miñan liburua, Ibrahima Balde migratzailearekin batera eta orain deliberatu dute antzerki bat egitea. Gero aktoreak mintzatu dira eta denek aitortu dute ez zutela uste migratzaile baten borroka hain gogorra zenik.

Antzerkia egina da euskaraz eta urriaren 18an emanen dute lehen aldiz Luhusoko gelan. Ondoko asteetan emanen dute Euskal herriko bertze hainbat herri eta hiritan (urriaren 24tik 26ra Bilboko Arriagan) eta azkeneko emanaldia egin nahi lukete Saran. Beraz, egun horren begira egonen dira saratarrak, antzezlan eder hori ikusteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun