Orabideko Kortariak irabazi du Euskal Herriko artzain gazta txapelketa Idiazabalen

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 14a, 16:30

Kortariko gasnako Julen Arburua Euskal Herriko Gazta Txapelketako txapelarekin, larunbatean Idiazabalen.

Orabideko Kortaria gaztandegiarentzat izan da aurtengoan Euskal Herriko artzain gazta txapelketako sari nagusia, Segurako Goibururi erreleboa hartuz. Halaxe erabaki zuen larunbatean Idiazabalen, Baserritarren Egunaren baitan, antolaturiko lehiaketako epaimahaiak.

Urtero moduan, lurraldekako lehiaketetan sailkatutako gazta onenek parte hartu zuten txapelketaren 41. edizio honetan, guztira 35 gaztagile. Kortarikoarekin batera, Gabiriko Baztarrikak eta Egozkueko Loperenak osatu zuten podiuma, bigarren eta hirugarren postuan.

Lehen saria hartu ondotik «arras gustura» azaldu zen Julen Arburua Orabideko artzaina. Otsailaren 22an egindako ketu gabeko gazta bat aurkeztu zuen lehiaketara.

Herritarrek, dastaketa herrikoian hainbat gazta probatzeko aukera ere izan zuten, bakoitzari bere puntuazioak eskainiz. Gazta guztien artean, Elgoibarko Mausitxa gaztandegikoa izendatu zuten onena bertaratutakoek.

 

2024ko Euskal Herriko Gazta Txapelketako Sailkapena

  • 1. S.C. Kortaria (Lekaroz)
  • 2. Baztarrika (Gabiria)
  • 3. Loperena (Egozkue)
  • 4. Mausitxa (Elgoibar)
  • 5. Eneko Goiburu (Segura)
  • 6. Aizpea (Olaberria)
  • 7. Larrabe (Agiñiga)
  • 8. Joseba Insausti (Ordizia)
  • 9. Ander Barandiaran (Idiazabal)
  • 10. Galtzata (Oiartzun)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun