Ezpeletako Neskena taldearen 'Badoa' ikusgai izanen da Sarako lezeetan urriaren 18an

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 14a, 11:00

Ezpeletako Neskena taldeak 'Badoa' ikuskizuna eskainiko du ortziralean Sarako lezeetan.

Udazkeneko azken ekitaldi kulturala izanen dute urriaren 18an, ortziralean, Sarako lezeetan. Neskena dantza taldea osatzen duten Ezpeletako hamar emakume dantzariek denboraren eta bizitzaren zikloen esplorazio batera gomitatu dute Badoa ikuskizunarekin, dantzaren eta kantuen erritmoan, Euskal Kultur Erakundearen Ibilki programaren karietara, Sarako herriaren partaidetzarekin.

Ortziralean, 19:00etan, hasiko da emanaldia eta bi euro ordaindu beharko da. Leku kopuru mugatua denez, erreserba beharrezkoa da.

Denbora aitzinera doa eta itzuli egiten da; errepikatzen den zikloa osatzen du, baina inoiz ez berdina, hala nola egunak, denboraldiak, errituak... Denbora, zikloa...

Bobo, Nafarroako pertsonaiak, bere mozorro bikoitzarekin, iraganari eta etorkizunari begira, denboraren zirkulua marraztu eta ikusgarria bideratuko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun