Legasako Indarten behor, zaldi eta moxalak nagusitu dira Urdazubiko lehiaketan

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 8a, 11:30

Burgete arrazako zaldien feria eta lehiaketaren hamahirugarren edizioa egin dute urriaren 6an Urdazubin. Urteroko gisan animalia ederrak ikusteko aukera izanen da herrian, Urdazubiko Udalak eta Ascana elkarteak antolatua. Lehiaketan 16 ganadutegi izan dira eta guztira 151 zaldi abere lehiatuko dira hamahiru kategoriatan. Legasako Indart Ariztegi ganadutegiko buruak nagusitu dira horietako hamaikatan, Iosu Sarobe albaitariak, Jesus Orradre Ascanako abeltzainak eta Miguel Andueza albaitari eta Ascanako abeltzainak osatutako epaimahaiaren arabera. Argazkiak: Juan Mari Ondikol eta Arantxa Etxeberria

2023an jaiotako moxaletan, 2022an jaiotako behoketan, 2018tik 2021era jaiotako kumerik gabeko behorretan, 2017an edo lehenago jaiotako kumerik gabeko behorretan, 2019tik 2021era sortutako behor umatuetan, 2016tik 2018ra sortutako behor umatuetan eta 2015ean edo lehenago sortutako behor umatuetan lortu zuen lehen saria Legasako ganadutegiak, baita 2020an eta 2021ean sortutako zaldietan, 2017tik 2019ra sortutako zaldietan eta 2016an edo lehenago sortutako zaildietan ere. Bi kategoriatan bakarrik ez uen lortu lehen saria Indartek: 2023an sortutako zaldikoetan bigarren izan zen, Ziordiako SAT Gonzalez Percazen gibeletik eta 2022an sortutako zaldikoetan Lakuntzako Agustin Askarai Otamendiren burua gailendu zen.

Gainera, sari berezi bat eman zaio azokako zaldirik onenari eta hau ere Indart Ariztegik aurkeztutakoak eskuratu du.

Horretaz gain, aipatzekoa da Etxaide ganadutegia izan zela desfilatzera emakume bat atera zuen ganadutegi bakarra. Joana Etxaide 17 urteko neska izan zen haien animaliak plazara atera zituen emakume bakarra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun