Burgete arrazako zaldien feria eta urrezko aizkolarien lehia izanen dituzte igandean Urdazubin

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 3a, 14:00

Burgete arrazako zaliden feria eta lehiaketa hamahirugarren aldiz eginen dute Urdazubin.

Urria ekitaldiz betea etorriko da aurten ere Urdazubirat eta horren lekuko da bertze urte batez ospatuko den Burgete arrazako zaldien feria eta lehiaketa. Aurten hamahirugarren edizioa beteko du eta urriaren 6an ospatuko da. Urteroko gisan animalia ederrak ikusteko aukera izanen da herrian, Urdazubiko Udalak eta Ascana elkarteak antolatua.

Lehiaketan 16 ganadutegi izanen dira eta guztira 151 zaldi abere lehiatuko dira hamahiru kategoriatan: Behorrak kumerik gabe, behorrak kumeekin eta zaldiak. Gainera, sari berezi bat emanen zaio azokako zaldirik onenari.

08:00etatik 08:30era sartuko dituzte zaldi abereak barrutian. 09:00etatik 14:30era lehiaketa, sailkapen-erronda eta kategorien araberako sari banaketa eginen dute. 14:30ean lehiaketako buru onenari saria emanen zaio. 10:00etatik  15:00etara artisau azoka ere izanen da.

Buru ederrak aurkeztuko dituzte aurten ere Urdazubin.

Urrezko aizkolariak eta harri-jasotzaileak

Egun horretan berean, gainera, 2024ko Urrezko Aizkolari txapeldunen liga Eusko Label Saria izanen da Urdazubin. Iker Vicente, Mikel Larrañagaren kontra lehiatuko da herriko frontoian, jokoan dauden bi puntuen bila. Igandean 17:00etan hasiko da norgehiagoka handia eta aizkolariez gain, harri-jasotzaileak ere izanen dira. Emakumezkoetan, Garazi Ansa eta Estefania Etxebeste arituko dira eta, gizonezkoetan, Imanol Royo Lartain eta Jokin Eizmendi.

Bistan da urriaren 6an izanen dela zer ikusi herrian, goizean animaliekin eta arratsaldean punta puntako kirolariekin. Gainera, egun osoan animazioak, musika eta monasterioa, errota, Trikuharry animalien aterpea, Ikaburuko lezeak eta herriko jatetxeetan zaldi mendua dastatzeko aukera izanen dira, bisitarien esku.

Iker Vicenteren (argazkian) eta Mikel Larrañagaren arteko lehia ikusgai izanen da igande arratsaldean Urdazubin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun