2024ko Ondarearen Europako Egunen karietara, Senpereko herriak partaide batzuekin batera, hainbat jarduera antolatzen ditu. Jarduera horien helburua, tokiko ondarea balioztatzea eta agerian ezartzea da. Erakusketa ibiltaria ikusgai izanen da asteburu osoan, eta bertze hainbat ekitaldi izanen dituzte larunbatean eta igandean.
Jondoni Jakobe eta Erdi Aroko bertze bideei buruz erakusketa ibiltaria
Senpereko Kultura eta Ondareak, Oinez eta Jakobia elkarteek proposaturik erakusketa ibiltari bat izanen dute ortziraletik igandera, ‘Konpostelako Jondoni Jakobe bideak, Senpereko bideak eta komunikabideak Erdi Aroan’ goiburupean. Irailaren 20an, ortziralean, Senpereko herriko etxeko ezkontza gelan egonen da ikusgai; irailaren 21ean, larunbat goizean ohiko merkatu plazan eta arratsaldean Senpereko gazteluaren parkean eta irailaren 22an, igandean, Plazako Errotan.
Bisita gidatuak larunbatean
Irailaren 21ean, larunbatean 09:00etatik 11:30era, pilotari eta xisterari buruz turismo bulegoan dagoen Pilotari ekomuseoaren bisita eskainiko dute urririk. «Donamartia etxearen atea pusa ezazu eta xisterari baita pilota egiteari buruzko sekretu guziak ere ezagutuko dituzu. Pantaila erraldoi batean, pilota partida erakustaldi harrigarri batzuk ikusten ahalko dituzu. Txapeldun handi batzuen ezagutza eginen duzu. 45 minutuko soinu-argizko bisita. Izena eman behar da https://www.en-pays-basque.fr/visite/ecomusee-de-la-pelote-et-du-xistera-pilotari/ webgunean.
Bertzetik, larunbatean 09:00etan abiatuta ibilaldia eginen dute herritik Inharria baserria, Oinez elkartearekin. Denentzat egokia den ibilaldia da (4,8 km), kanpoko merkatutik abiatuz. Itzultzea 11:00 inguruan.
10:00etatik 19:00etara Plazako-Errotaren bisita eginen dute. Irintzea zuzenean ikusteko aukera izanen da, baita talo eta euskal pastiza erosteko, tokian berean dastatzeko edo eramateko.
Arratsaldez, 14:00etatik 16:00etara Senpereko gazteluaren bisita iruzkindua eginen dute, zizelkaria eta margolaria den Edouard Solorzano jabearen baimen atseginarekin, Senpereko Kultura eta Ondarea elkartearen eskutik. Aroa txarra balitz, Senpereko gazteluaren bisita ezeztatua izanen da. Gaztelugunea ez da eokia ezinduak diren pertsonentzat.
Igandean ere elizara eta Plazako-Errotara bisita
Irailaren 22an, igandean, bisita gehiago izanen dituzte. Bezperan bezala, 10:00etatik 19:00etara Plazako-Errotaren bisita eginen dute. Irintzea zuzenean ikusteko aukera izanen da, baita talo eta euskal pastiza erosteko, tokian berean dastatzeko edo eramateko. Arratsaldez, 15:00etatik 16:00etara, San Petri elizaren bisita eginen dute, Senpereko Kultura eta Ondarea elkarteko kide den eta liburu andana idatzi dituen Jean Sauvairek iruzkindua.