Henri Errandonea saratarra da Iparraldeko Pilota Batzordeko lehendakari berria

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 18a, 09:00

Henri Errandonea saratarra aukeratu dute Iparraldeko PIlota Batzordeko presidente berria.

Iparraldeko Pilota Batzordeko lehendakari berria izendatu dute euskal pilota elkarteek. Ustekaberik gabe, Henri Errandonea saratarrak gidaturiko zerrenda bakarra hautatu dute. Abiatutako proiektuak aitzinera eramanen ditu azken zortzi urteetako idazkari nagusi izan denak, eta Ipar Euskal Herriko esku huska sailean bizi den tentsio egoerari buru egin beharko dio.

Urte olinpiko orotan bezala, Frantziako federazio, liga eta komite guzietako buruzagien agintaldiak bukatuak dira eta hauteskunde berriak eskatzen dituzte. Euskal pilotaren munduan, lau hauteskunde iraganen dira, irailean Iparraldeko Pilota Batzorderako hauteskundeak edin dituzte, urrian 64 Departamenduko Batzordekoak, azaroan Akitania Berriko Pilota Ligakoak eta abenduan Frantziako Euskal Pilota Federakuntzako hauteskundeak eginen dituzte.
Henri Errandonearen taldea, Iparraldeko Pilota Batzorderako hautagai bakarra izan da, Iparraldeko pilota elkarteen bozen % 95ekin hautatua izan da.
Pilota elkarteen laguntza osoa ukan du Errandoneak, azken zortzi urteetan egindako lanaren emaitza.

 

Henri Errandonea, zortzi urtez idazkari nagusi, orain lehendakari

Zortzi urtez Iparraldeko Pilota batzordeko idazkari nagusi izan ondoan, Henri Errandonea komitearen buru da, talde berritu eta gaztetu batekin. Borondatezko engaiamendu eta talde trebe bati esker, lehendakari berriak 2016an Jean-Michel Garayar aitzineko lehendakariarekin egin zuen bideari segituko dio. Elkarlan ikuspegi bat, etengabeko gogoetan jartzea, eztabaida eta partekatze borondate bat izanen dira talde berri horren kausitzeko baldintzak, Iparraldean pilotari merezi duen lekua eta irudia ematea izanen delarik xedea.

Iparraldeko pilota batzordea zuzentzen duen talde berria 22 pilota elkartetako 32 kidek osatzen dute, eta horietatik 6 emazte dira, 12 kide berriak. Boluntariotzaren krisia handia izan arren, talde honek pilota joko ezberdinetako adituak biltzen ditu eta boluntarioek indartuko dute

Lilou Etxeberria FFPBko presidentearen eta Esku Pilota berezko pilotarien elkartearen jarrerak salatu ditu berriki Iparraldeko Pilota Batzordeak. Henri Errandonearen irudiz, «pilotan, gauzak hobetzeko, arduradunak aldatu behar dira». Frantziako Pilotako Federazioko bozak, hain zuzen, abenduan iraganen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun