PELLO BORDA

«Azken hiruzpalau urtetan 116 behi hil dituzte Urdazubi-Zugarramurdin tuberkulosia izan zezaketelakoan»

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 13a, 13:00

Pello Borda Jaimerenak azaldu dizkigu Urdazubiko abeltzainen arrenkurak.

Pello BORDA JAIMERENA, Urdazubiko abeltzaina

Azkonarrak eta bertzelako piztiak gero eta ugariagoak direnez, arazo larriak sortzen ari zaizkie Urdazubiko abeltzainei. Behi ustiategietan tuberkulosia kontrolatzeko neurriek markatutako egoera dela eta, bilera egin zuten asteazkenean Urdazubin abeltzainek eta albaitariek eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko Departamentuko ordezkariek. «Albaitariek diotenez, azkonarrak pasatzen diete birusa behiei, baina probak egiten ari dira eta basurdeak ere pasatzen ahal omen du eta gure mendietan badira hainbertze», jakinarazi digu Pello Borda Jaimerena, Urdazubiko abeltzainak.

Ingurumen departamentuak adierazi duenez, tuberkulosiarekin kutsatzea «arras lokalizatuta» dago eta Nafarroako ustiategien % 1 baino gutxiagori eragiten die. Hala ere, inguruko abeltzainak zapuztuta daude, irtenbide eraginkorrik ez dutelako. Izan ere, Pello Borda abeltzainak azaldu duenez, azken urtean gutxienez Urdazubiko eta Zugarramurdiko 25 behi hil behar izan dituzte, azken hiruzpalau urteetan 116, gaixotasun hori izan zezaketelakoan. «Nik joan den urtean bi hil behar izan nituen eta aurten bertze hiru hil nahi zituzten eta ezetz erran nuen. Lehenik hil egiten dituzte, baina gero egindako analisietan negatibo eman dute gehienetan, arras gutik eman dute positibo».

Kalte-ordain gisara ematen dieten dirua ere ez dela aski uste du Bordak. «Gure behitegietan baditugu behiak intseminazio karioekin sortuak, hobekuntzak eginak dugu eta ordaintzen digutenarekin ez da ailegatzen, ez da berdina. Galera handia da».

Azeriaren ugaritzea ere arazoa da baserritarrendako. «Oilorik ez da edukitzen ahal gure baserri inguruetan, lehenago bezala. Azeriak eramaten ditu. Eta azeriak aldian bat eramaten du, baina bertze basapizti batzuk, huroi beltzak eta, lehen kolpean odola kentzen diete, hamabi oilo baldin badituzu hamabiak hiltzen dituzte. Denak animali babestuak dira. Behiak hiltzen dituzte, baina horiek ezin dira hil». Azeriak, bildots jaio berriak ere eraman izan dituztela aipatu digu Urdazubiko baserritarrak, «ardiak non dabiltzan, han ibiltzen da azeria buelta eta buelta… Bildots jaio berria gauean belaian gelditzen bada, azeriak airez aire eramanen du».

Pello Borda, Urdazubin hazten dituen haragitako behiekin.

Asteazkeneko bileran, etsipena eta itxaropena

Asteazkenean egindako bileran, Bordak eta inguruko bertze hogei bat abeltzainek etsipena adierazi zuten. «Izurrite pila bat ditugu: azkonarrak, basurdeak, azeriak, betizuak, koipuak... Erraten digute Ingurumen Departamentuari eskatu behar diogula animalia horiek desagerrarazteko konponbidea, baina guk ezin dugu zuzenean jokatu», aipatu digu Bordak. Abeltzainek “suebaki” gisa balio dezaketen neurriak eskatu zituzten, piztiak euren lursail eta baserrietatik urrun mantentzeko. «Basoan suteak zabal ez daitezen suebaki bat dagoen modu berean, guk eskatzen dugu distantzia bat egon dadila gure lursail, baserri edo ikuiluen eta azkonarren, basurdeen eta inguruan ditugun animalia horien guztien artean», azaltzen du Urdazubiko baserritarrak.

Asteazkenean Urdazubin egindako bileratik Bordak nabarmendu zuenez, kutsatutako animalien kasu gutxiago daude, «albaitariak kontent zeuden, abuztuan egindako azken probetan ez baitzen positiborik atera eta abeltzainak trankilxeago gaude. Garbitasun hori lortu dutela ematen du, baina ezin dugu guztiz trankil egon oraindik».

 

Antzinako ekosistemaren aldaketa

Izan ere, Bordaren iritziz, «tokiko ekosistema, mendeetan orekatuta egon dena, orain aldatu egin da izurrite horien ugaritzearen ondorioz. Orain arte ekosistema perfekto bat egon da, eta gizakiok ere ekosistema horren parte ginen. Azkonarrak, basurdeak, azeriak… basoan bizi ziren eta, gure baserrietara, belaietara edo baratzeetara sartzen baziren, horretara biziatzen baldin baziren,hiltzen genituen, eta gure etxeetatik aldentzen genituen; distantzia batera mantentzen genituen, basoko animalia basoan. Baina orain ez dago distantzia hori, eta guk giltzapetu behar ditugu gure aziendak».

Horren erakusgarri, zerrien ustiatzea aipatu du Bordak. «Garai batean, udazkenean hasi eta otsailera bitarte zerriak mendira ateratzen ziren bazkatzera, ezkurrak, gaztainak edo bagatxak jatera. Orain debekatua dago, inguru honetako abeltzain bati 600 euroko isuna paratu dio Sepronak, zerriak kanpoan kontzeagatik».

 

Usoak eta betizuak ere, arazo-iturri

Baina azkonar, basurde edo azeriaz gain “etxekoagotzat” ditugun animaliek ere arazoak sortzen dituzte baserrietan.

Betizuei dagokienez, «mendietan badaude betizuak ez dakigunak norenak diren ere, ez dute baimenik ezta saneamendurik ere, deus ere ez. Bueltaka eta bueltaka hor dabiltza hilabetetan, baratzetan sartzen dira, belaietan…». Betizua etxeko behiarekin gurutzatuz gero ere arazoa dela gogoratzen du Bordak: «Betizu arrak susara dagoen behia estaltzen baldin badu, deus balio ez duen ume ttiki bat egiten du, kargarik hartzen ez duena… Haragitako behi baten aratxeak 700 euro baldin badu, betizu batekin gurutzatutakoak 150 euro balio du. Ez du deusetarako balio. Zer egiten dugu betizu horiekin?».

Usoen izurritea ere salatu nahi izan du Pello Bordak. «Alkurruntz mendian ehiztariek ‘tiro al pichon’ egiten dute, baina hiltzen ez duten usoa, nora joaten da bizitzera? Baserrietara joaten da eta izugarri ugaritzen da, bazka jaten du, baina hori baino gehiago, arras zikina da, lumak utzi eta kaka egiten du jantokietan, eta bertze eritasunak sortzen ditu, desastre bat da, Iparraldean, hegaztien gripea dela eta hainbertze piru hil behar izan dituzte».

Etorkizunean mobilizazioekin segitzeko aukera ez du baztertzen Bordak, «ongi gogotik eginen genuen manifestazione bat Iruñean, Landa Garapen departamentura edo parlamentura joan, Iruñea blokeatu, baina ez dakit jendea mugituko zen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun