Zugarramurdin argi utzi dute «ez dela erantzunik gabeko erasorik izanen»

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 2a, 12:00

Eraso matxistak salatzeko elkarretaratzea egin dute asteburuan Zugarramurdin, herriko feministek eta Akelarre elkarteak deituta, eta «erasotzaileak eta lerdetsuak zuzenki seinalatzeko tenorea ailegatu» dela azpimarratu dute.

«Ez badakizu egoten, ez etorri». Horiexek izan ziren larunbat ilunabarrean Zugarramurdiko plazan egindako elkarretaratzean leitutako oharraren azken hitzak; eta Erasorik ez erantzunik gabe, Indarkeria matxistarik ez! eta Aski da! leloak pankartetan plazaratu zituztenak.

Zugarramurdiko feministek eta Akelarre elkarteak egin zuten elkarretaratzerako deia eta honela adierazi zuten larunbateko agerraldian: «Azken asteetan Itsasun, Amaiurren, Narbarten, Elizondon, Beran, Lesakan eta bertze hamaika herritan egoera bortitzak bizi eta salatu dituzte. Zugarramurdiko bestetan bizitakoa ez da ezberdina izan. Bortxaketa baten berri izan ondotik, bortxatzailea bestetatik kanporatu dugu. Gainera, plazan jarrera egokia mantentzen ez dakiten hainbat pertsonaren ekintzak kudeatu behar izan ditugu».

Beraien hitzetan, «sufritzen dugunok badakigu ongi aski zisheteropatriarkalaren arauek emakumezkoen eta identitate disidenteen bizitzako xoko guziak okupatzen dituztela. Hori baliatzen dutenek, aldiz, ematen du ez dutela intentziorik haien jokamoldeak aldatzeko eta bizitzako espazio guziak denendako bizigarriak egiteko». Hala, «erasotzailea eta lerdetsuak zuzenki seinalatzeko tenorea ailegatu» delakoan daude.

«Zure lizunkeria, bortizkeria, oldarkortasuna eta haserrea ez dira Zugarramurdiko plazan kabitzen, ezta bertze edozein plazatan ere».

Haiei luzatu zieten larunbatean mezua: «Zuk, nesken gorputzak nahi bezain bertze eta nahi bezala ukitzen dituzun horrek. Zuk, ezezko bat ulertzen ez duzun horrek. Zuk, neska gazteei 20 urte gutiagorekin eginen zenizkienak esplikatzen ibiltzen zaren horrek. Zuk, emakume baten hitza obeditzeak egoa xehatzen dizun horrek. Zuk, neska batekin mintzatzeak harekin nahi duzuna egiteko eskubidea ematen dizula uste duzun horrek. Zuk, arrailtzeraino mozkortzen zaren horrek, jendearekin joka ibiltzeko. Zuk heriotzara mehatxatzen gaituzun horrek. Zuk, bortxatzen gaituzun horrek. Zuk, neska gazteen gainean begirada dudakoa pausatzen duzun horrek. Zuk, bakean uzten ez gaituzun horrek: ez duzu tokirik gure plazan. Zure lizunkeria, bortizkeria, oldarkortasuna eta haserrea ez dira Zugarramurdiko plazan kabitzen, ezta bertze edozein plazatan ere».

Protokoloa martxan

Atzo refeta eguna izan zuten Zugarramurdin, eta atzoko egunari begira, feministek protokolo bat paratua zuten martxan «jarrera desegokia erakusten duena plazatik segidan kanporatzeko». Erasoaren larritasunaren arabera, erasotzaileari abisua ematekoa zioten eta bigarren abisuan edo erasoa aski larria baldin bazen, erasotzailea zuzenean kanporatzekoa zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun