Abuztuaren 25ean eginen dute Sarako Kontrabandisten Eguna

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 9a, 19:00

Argazkia: Xagu Lesaka.

Aste honetan aurkeztu dute abuztuaren 25ean Saran eginen duten Kontrabandisten Eguna. Sara Korrika elkarteak, Sarako Herriko Etxeak eta Sarako Olhain Ikastolak egun osoko egitaraua prestatu dute, eta tartean, Kontrabandisten Lasterketaren 61. edizioa eginen dute.

Suharriaga parkean
  • 09:00etan artisauen eta ekoizleen merkatua.
  • 09:00etan Bidexketan ibilaldirako izen ematea. 5,5 kilometroko itzulia izanen da eta pertsonako bortz euro ordaindu beharko dira (5 urtetik goitikoek). Hitzordua Olhain Ikastolak antolatu du.
  • 09:30ean abiatuko da Bidexketan ibilaldia.
  • 09:30etik 11:30era irakurketa xokoa Sarako Mediatekak animaturik.
  • 10:30etik 12:30era pottoka itzuliak Maider Jorajuriarekin.
  • 11:00etan aizkolariak: Nerea Sorondo, Xanta Souza, Oier Larretxea eta Endika Goia.
  • 12:00etatik 12:30era bertsolariak: Beratik Aitor Elexpuru eta Patxi Castillo eta Saratik Karlos Aizpurua eta Haira Aizpurua.
  • 13:00etan zikiro jatea, Kiki Bordak eta Sébastien Othaburuk alaiturik.
Plazan
  • 10:00etan bote luze pilota partida, Sarako Izarra Pilota elkarteak antolaturik.
  • 16:45ean joaldunen abiatzea.
  • 17:00etan Kontrabandista ttiki (2013 eta 2018 artean sortu haurrendako lasterketa).
  • 18:00etan Kontrabandisten lasterketa.
  • 19:00etan sari banaketa.
  • 20:00etan Pettiren kontzertua.
  • 17:00etatik goiti taloak.
Kontrabandisten lasterketa

Kontrabandisten lasterketa Sara Korrika elkarteak antolatzen du, Sarako Herriko Etxearekin elkarlanean. 8,4 kilometroko itzulia da eta lasterkariek plazatik (77 m) abiatu eta Zazpi Fagora (522 m) joan behar izaten dute, berriz Sarako plazara bueltatu aitzinetik. Hala ere, lasterketa honek baditu hainbat berezitasun. Adibidez, lasterkariek galtza luze beltzekin eta atorra xuriarekin atera behar dute eta lasterketako lehen 1.500 metroetan, gizonek zortzi kiloko eta emakumeek lau kiloko zakua bizkarrean eraman behar izaten dute. Berako bidegurutzean zakua utzi eta itzulerako bidean berriz hartu behar izaten dute.

Gehiago ere bada. Ezin du edozeinek parte hartu. Sarako Herriko Etxeak inguruko herri batzuk gomitatzen ditu eta herri horiek beren bi korrikalari onenak hautatzen dituzte, herria ordezkatzeko. Hauek dira gomitatu herriak: Ainhoa, Azkaine, Baigorri, Ezpeleta, Donibane Garazi, Hendaia, Sara, Senpere, Urruña, Biriatu, Bera, Elizondo, Etxalar, Hondarribia, Irun, Lesaka, Urdazubi, Luzaide, Igantzi eta Zugarramurdi.

Orain arte egin diren edizioetan, Fernando Etxegarai beratarrak zortzi aldiz irabazi du lasterketa hau eta berea da marka, 2006an egina (38.36). Joseba Larralde beratarrak zazpitan irabazi du lasterketa (tartean, 2019az geroztik egin diren guztiak) eta Ramuntxo Lamothe saratarrak bortz aldiz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun