Sarako kirola pilotarekin edo errugbiarekin lotzen dugu… Nola hasi zinen txirrindularitzan?
Ez pilotan, ezta errugbian ere, bizikletan baino lehen futbolean eta eskubaloian aritzen nintzen. Konfinamenduan amarekin eta arrebarekin hasi nintzen mendian bizikletan, 2021ean. Gero, Covidarekin ez nekien eskubaloi partidak jokatzeko modurik izanen genuen edo ez eta lagun batek eta biok Senpereko klubean bizikletako lizentzia egin genuen. Horrela hasi ginen, 2022an VTT edo mendi bizikletako lasterketak egiten. Pirinio Atlantikoetako VTT taldean sartu nintzen gero, Frantziako kopa egiteko. Aita, Pascal Larronde zen nire entrenatzailea hastapenean eta duela urtebetetik honat Ahurtiko Christophe Gigi dut entrenatzaile.
Aurten errepideko txirrindularekin hainbat garaipen lortu dituzu, baina mendiko bizikletan eta pistan ere aritzen zara…
Pistan hasi naizenetik VTT utzi nuen eta orain pista eta orain pista eta errepidea egiten dut. Biak berdin maite ditut.
Euskadi Irratiko Arritxu Iribar kazetariak motor handiko txirrindulari bezala definitu zaitu? Zuk nola definituko zenuke zure burua? Non moldatzen zara hobekiago?
Kronoak dira nire espezialitatea. Pistan pertsekuzioan aritzen naiz. Sprintean ona naiz, baina ez dut aukerarik izan sprint handirik egiteko, bakarrik edo talde ttikietan ailegatu bainaiz. Motor handia dutela badakit, baina orain lasterketatan estrategia falta zait. Motorraren garapena eta estrategia landu behar dut.
Eta zertan hobetu beharko zenuke?
Mendian ibili naiz VTTan, baina egia da errepidean mendi handietan hobetu beharko nukeela, badut lan handi bat egiteko. Kontuan hartu behar da mutil handia naizela, pelotoiko pisuenetakoa naiz, 70 kilo ditut, eta txirrindulari arinagoak ni baino hobe moldatzen dira mendi horietan.
Aurten sasoi ederra egiten ari zara… Akitania Berriko txapeldun, Primevere Montoise eta Gedimat lasterketak, eta orain Tour de l’Abitibi… Espero zenituen horrelako emaitzak?
Pistan hasi naizelarik, Frantziako txapelketan lehen bortzetan izatea nuen helburu, kronoan eta errepidean. Errepidean zazpigarren egin dut eta kronoan laugarren izan naiz, beraz, helburua lortu dugu. Orain, nazioko kopako lasterketa bat irabaztea sinestezina da.
Gainera udaberrian klabikula hautsi zenuen…
Bai, La Bernaudeau lasterketan hautsi nuen. Frantziako txapelketa bost aste beranduago zen eta prestaketa moldatu behar izan nuen, baina kontent naiz, laugarren izatea lortu bainuen. Orain ez dut batere minik.
Orain, Kanadakoa izugarria izan da… Zure lehenbiziko garaipena etapa bat baino gehiagoko lasterketa batean?
Astebeteko nire lehen proba zen. Aitzinetik bi egunekoa izan zen luzeena.
Kanadara joan zen Urt Vélo 64 taldeko buru edo lider bezala joan zinen edo lehenbiziko etapa hori irabazita erabaki zenuten sailkapen nagusia borrokatzen ahal zenutela, maillot hori defenditu behar zela?
Ekipak konfiantza handia du nigan eta Kanadara lider bezala joan nintzen bai. Lehen etapan ongi atera zen eta ekiparentzat lan handia izan zen aste osoan maillot hori defendatzea. Baina lan handia egin zuten etapa guztietan.
Defendatu bakarrik ez, azken etapan, zuk egin zenuen eraso gainera. Azkenean, hiru etapa (bat erlojuaren aurka) irabaziak, sailkapen nagusia, puntuka… gehiago ezin da eskatu…
Izugarria izan da bai eta biziki kontent naiz. Kasik dena eraman dut. Egia da azken etapara minutu bateko aldearekin nintzela, baina 50 kilometro falta zirela, atakatzeko aukera ikusi nuen. Sailkapeneko bigarrenarekin ihes egin nuen eta bi minutu baino gehiagoko aldera atera genion hirugarrenari. Nazioko kopako lasterketa bat zen, baina egia da ez zirela nazio guztietako txirrindulariak joan Kanadara.
Etorkizun handiko txirrindularia ere bazarela diote… Nola ikusten duzu zuk etorkizuna? Profesionaletara salto egiteko modua ikusten duzu?
Profesionala izateko proposizio bat badut heldu den urterako, baina ez dakit oraino hori niretzako ona den edo bertze urteren bat egin beharko nukeen Development edo garapenerako ekiparen batean.
«Agorrilaren 21etik 27ra pistako munduko txapelketan izanen naiz Txinan»
Eta aurten, baduzu bertze lasterketaren bat orai?
Agorrilaren 21etik 27ra pistako munduko txirrindularitza txapelketa jokatzekoa da Txinan eta Frantziako selekzioak deitu nau eta joan behar dut. Agorrilean hiru astez pistan entrenatuko dut gogotsu.
Zein duzu gaur egun txirrindulari gustukoena?
Mathieu Van der Poel da nire idoloa, baina Oier Lazkano ere oso maite dut. Euskalduna da eta oso ona da klasiketan, egun bakarreko lasterketetan, baina ongi pasatzen ditu puerto handiak ere. Gainera beti atakatzen ibili da Frantziako Tourrean.