‘Eguzkilore, jazz mitologikoa’ kontzertua izanen dute uztailaren 27an Zugarramurdin

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 24a, 10:00

Larunbat eguerdian joko du Bazkun Proiektuak taldeak leizean eta oinez ibilbidea eta gaztandegi batean dastaketa egiteko aukera ere izanen da

Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak (Vianako Printzea erakundea) antolatutako Kultur programaren 29. edizioak kultura eskaintza zabala ekarri du aurten ere gure eskualdera. Uztailaren 27an, larunbatean 12:00etan Bazkun Proiektuak taldeak Eguzkilore, jazz mitologikoa kontzertua joko du Zugarramurdiko leizean.

Honekin lotuta, oinez egiteko ibilbidea eta gaztandegi batean dastaketa izanen dute goizean. 09:00etan abiatuko dira Azketa frontoiko aparkalekutik. Izen-ematea eta informazioa: info@orbela-beintza.com (20 euro).

Bien bitartean, Kultur 2024 programaren barrenean Bertizen María Jimenez Moreno Iruñeko artistaren Basati-Salvaje erakusketa ikusgai dute uztailaren 1etik abuztuaren 31ra, aldian aldiko bertze zenbait ekitaldirekin batera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun